argia.eus
INPRIMATU
Herri kooperatibek eraldaketarako eta burujabetzarako duten garrantzia mintzagai KoopFabrikan
  • Lurralde bateko beharrizanei herri kooperatiba eta kooperatiba komunitarioen bidez nola erantzun aztertuko dute Donostian KoopFabrikak antolatutako saioan. Ekintzailetza sozial eraldatzailea bultzatzea helburu duen programak jadanik zabalik du ikasturte honetarako eskolan parte hartzeko izen ematea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abenduaren 14a
Saio-ziklo berezia antoalatu du aurten KoopFabrikak, ekonomia eraldatzailea gertutik ezagutzeko.

Herri kooperatibak eta kooperatiba komunitarioak zer diren jakin, hala nola marketing komunitarioa nola egin eta eremu horretan dauden esperientziak ezagutzeko saioa antolatu du KoopFabrikak asteazken honetan Donostian, Egiako Teila Fabrikan.

Lurralde bateko beharrizanei erantzungo dieten egitura komunitario eta kooperatiboak dira herri kooperatibak, eragile zibil zein publikoak saretzeko sortuak, eta burujabetzak lantzea dute helburua arlo ugaritan, esaterako energiaren esparruan, elikaduran, kulturan, zaintzan... Eredu horri "elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioa" ere deitu izan zaio, Etzi PM agerkarian Leire Udabek eta Gorka Juliok azaldu zuten gisan.

Herri kooperatibak tresna eraginkorrak dira tokiko garapen eraldatzailerako, baina "normalean proiektutik tirako duen talde eragile bat beharko da", eta  gune despopulatuen edo ekonomikoki kaltetuen kasuan, gainera, "jendea biltzea zail denez", proiektu estrategiko konkretu bati loturiko kooperatibak izatea komeni da, hasiera batean behintzat.

Herri kooperatiben inguruko saio hau KoopFabrika programaren agenda barruan sartzen da, KoopFabrika Zabaltzen zikloaren barruan, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruko hainbat gai jorratzeko diseinatua.

parte hartzaileek egiten duten prozesua ez da eskola horiekin amaitzen, hortik aurrera ere bidelaguntza eta akonpainamendu prozesu bat eskaintzen die KoopFabrikak

KoopFabrika: 400 pertsona eta 100 proiektu

OlatuKoop sareak, Lanki ikertegiak eta GEZKIk sortua 2017an –eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko departamenduak diruz lagundua–, ekintzailetza eraldatzailean formazioa eta bidelaguntza eskaintzea du helburu programa honek, eta bere ekimen garrantzitsuena Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola da, urtez urte indarra hartu duena.

Hain justu, duela aste gutxi aurkeztu dute datorren ikasturteko edizioa, zazpigarrena, urtarrilaren 23tik martxoaren 1a arte luzatuko dena. Donostian izango dira ikasturte berriko saio guztiak, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta izena emateko epea zabalik dago jadanik, urtarrialren 16ra arte.

Aurkezpenean antolatzaileek nabarmendu dutenez parte hartzaileek egiten duten prozesua ez da eskola horiekin amaitzen, hortik aurrera ere bidelaguntza eta akonpainamendu prozesu bat eskaintzen die KoopFabrikak, euren proiektua martxan jarri ahal izateko. Horretarako, bide-lagun sarea jarriko dute martxan.

Izan ere, "proiektu bizien bidelagun" izan da programa urte hauetan guztietan. Leire Udabe KoopFabrikako kideak aurkezpenean azaldu duenez, denera 400 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte eskoletan eta 100 proiektu inguru bidelagundu dituzte denbora honetan.