argia.eus
INPRIMATU
Herri kontsulta egingo dute Ezkio-Itsason, desanexio prozesuari amaiera emateko
  • “Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?” galderari erantzungo diote irailaren 18an Itsasoko herritarrek. Martxoan Udalak aho batez onartu zuen desanexioa, eta herri kontsultak erabakia berrestea du helburu.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 18a
Itsaso. (Argazkia: ezkio-itsaso.eus)

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuko du galdeketa, Udalaren, Itsaso Bherria elkartearen eta Ezkioko Batzordearen laguntzarekin.

Itsason erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritarrak daude bozetara deituak irailaren 18an. Kontsulta ez da loteslea baina Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak azaldu du erabakia aintzat hartuko dela.

Emaitza galdeketaren egun berean jakingo da eta baietza gailenduz gero Aldundiak desanexioaren inguruko Foru Dekretua aplikatuko du. Batzorde bat sortuko da Itsason hurrengo hauteskundeak bitartean kudeaketa lanetan aritzeko.

Bost urteko prozesua

2011n hasi zen Itsasoren banaketa prozesua. Aurtengo martxoan aho batez onartu zuen Ezkio-Itsasoko Udalak desanexioa osoko bilkuran. Garikoitz Aiesta alkatearen hitzetan, “onartzen da Ezkio-Itsaso udalerriko Itsaso herri eremua bereiztea eta udalerri banandu berri bat eratzea”. Apirilaren 4an bidali zuten hitzarmena Foru Aldundira, oniritzia jasotzeko.

Frankismo garaiko lege batek elkarrarazi zituen Ezkio eta Itsaso 1964an. Orain 2/2003 foru araua erabiliko du Diputazioak Itsasoren banaketa bideratzeko. Gipuzkoako udalerriak arautzen ditu lege honek. 1960ko hamarkadan herritarren oniritzirik gabe elkarturiko udalerriek desanexio prozesua martxan jarri nahi badute arau hori erabiliko du Aldundiak. Kasu honetan ez da 2.500 biztanle izatearen baldintza bete behar.