argia.eus
INPRIMATU
“Herri bat batera” aldarri, Errege Kopako finaletan eta Itzulian
  • Apirilaren 3an Realak eta Athleticek Errege Kopako finala jokatuko dutela-eta, balkoietan ikurriñak jartzeko dei egin du Gu ere bai mugimenduak, talde batek ala besteak irabazi, unea delako euskaldun gisa “nor garen eta zer nahi dugun adierazteko”.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko martxoaren 30

Ez da hori izango, dena den, Herri bat batera ekimenaren baitako ekintza bakarra. Euskal wikilarien elkartearekin batera, Wikiderbia lehiaketa antolatu dute, helburu izanik Wikipedia hornitzeko Athletic eta Errealari buruzko edukiekin. “Anaitasunetik, ahizpatasunetik euskarazko edukiak sortuz sarean, gure historia ezagutaraziz, jendearen parte-hartzea sustatuz. Sarean ere, kirolaren mundua erakutsiz; munduari gure kirolarien berri emanez”. Halaber, Euskal Liga 21 bideo-joko lehiaketa ere abian da. Fifa21 baliatuz, bost euskal taldeen ligari ekin zioten duela aste batzuk, eta apirilaren 4an, Aberri Egunarekin bat, finala jokatuko da. Hamaika Telebistak zuzenean emango du.

Horiez gai, “Herri bat batera” aldarria Euskal Herriko Itzulian ere haizatuko dute. Txirrindularitza lasterketa apirilaren 5etik 10era egingo da, eta bukatu eta astebetera, apirilaren 17an, Errege Kopako beste final bat jokatuko du Athleticek, Bartzelonaren aurka kasu honetan. Data hori ere gorriz markatua du Gu ere bai ekimenak.

Zenbait frontetatik bultzatzen ari diren probintziakeriaren aurrean, nor garen eta zer izan nahi dugun perspektibatik ez galtzeko ekimen-sorta polita da hau, nahiz eta, apirilaren 3ko finalean esaterako, talde bateko zale moduan, futbol zelaian aurkaria jipoitua izateko desioa izan.

Aitor eta Iñigo Beti Gogoan

Sare Antifaxistak ere, “irabazi zein galdu herri bat garela” aldarrikatu du, Errege Kopakoa Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaletaren finala dela nabarmenduz.