argia.eus
INPRIMATU
“Herri aktibazioa” bultzatu nahi du Gure Eskuk larunbateko mobilizazioarekin
  • Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, parte hartzera eta kaleak ikurrinaz betetzera dei egin du herri mugimenduak.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 05
Gure Eskuren asteazkeneko agerraldia. Bilboko Uriola

Mobilizaziorako azken deia egin du Gure Eskuk Bilboko La Casillatik asteazkenean, eta bertatik abiatuko da mobilizazioa ekainaren 7an. Agerraldian, Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak Euskal Herritarrak mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu, larunbatekoa funtsezko hitzordua dela adieraziz. Horrekin batera, "herri aktibazioaren" garrantzia nabarmendu du, haren hitzetan herri honetan ez baita ezer lortu hori gabe.

Mobilizazioaren helburuak hauek direla azaldu dute: “Euskal nazioari bultzada ematea, burujabetzaren bidean urratsak egitea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzen hastea”. Miriam Campos bozeramaileak adierazi du munduari argazki bat bidaliko zaiola: “Herri argazki bat egingo dugu, eta munduak garen modukoak ikusiko gaitu: askotariko herri bat garela, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena eta bere ikurrak maite dituena”.

Ikurrinekin joatera deia

Sare sozialetan deialdiaren inguruko bideoak zabaldu ditu Gure Eskuk. Ekainaren 7an "zazpi lurralde eta herri libre bakar bat" aldarrikatzeko, Bilboko kaleak ikurrinaz bete nahi dituzte, eta partehartzaileei ikurrinak eramatea eskatu diete: “Autonomia kalea ikurrinen kalea izango da”.

Euskal Herriko herri mugimendu, eragile eta lagun anitzek babesa eman diote mobilizazioari. Atxikimenduen artean honako hauek daude: ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuak; EH Bildu, Ahal Dugu eta EH Bai alderdiak (EAJ ez da atxikitu eta alderdikideei joateko askatasuna eman die); pentsiodunen mugimenduak, Bilgune Feminista, euskalgintzako eragile ugari eta hainbat kulturgile.

Manifestazioa, Bilboko La Casillatik abiatuko da 17:30ean, baina egun osorako egitarau zabala antolatuta dago: