Herri aktibazioa da gakoetariko bat

  • Azkenaldian, Sare herritarrak askotan errepikatu izan du aktibazio ziklo berri bat irekitzearen beharra. Zer da ordea ideia nagusi honekin ulertu dadin nahi duguna? Zergatik aktibatzearen beharra? Nor da aktibatu beharreko subjektua? Nola lortu ahal dugu aktibatzea?

Aktibatu hitzak latinezko activus, activa, actum izenondoan du bere jatorria. Agere aditzaren (aurrera egin edota mugitu, burutu) actum supinoaz, eta -ivus atzizkiaz osatua dena. Hau honela, hitz honen kontzeptua, burutzeari edota mugitzeari buruzkoa da.

Hiztegiari begiratuko bagenio berriz, “zerbait eraginkor bihurtu”, “mekanismo bat abiaraz dadila eragitea” edota “prozesu bat biziagoa dela eman dezan edo izan dadin eragitea” bezalako adierak aurkituko genituzke.

Bada Sarek, konponbide prozesuaren eta euskal presoen eskubideen aldeko indar herrikoia, eraginkor bihurtu nahi du, abiaraz dadin edota biziago izan dadin eragin nahi du.

Aieteko konferentziatik, eta ETAk bere ekinbide armatua behin betiko uzteko erabakia hartu zuenetik bost urte bete berri diren honetan, konpondu beharreko gatazka bati aurre egiteko bete beharra dugunaren uste osoa dugu. Bultzada berri baten beharra. Estatuak mugiaraziko dituena, beraien jarrera arduragabea aldaraziko duena. Eta helburu hori erdiestearen ardura, euskal jendarte guztiarena delakoan gaude. Bakea lortzea ez baita herriaren zati bati soilik dagokion ardura, guztioi dagokiguna baizik.

Euskal presoekin egiten ari direna, azken batean, jendarte osoari egiten ari zaizkiguna da. Izan ere, beren legeak edo nazioarteko itunak eta hitzarmenak ezartzeari uko egiten dioten bakoitzean, gizatasun pixka bat izateari uko egiten dioten bakoitzean… presoei eta haien gertukoei ez ezik, jendarte osoari ere egiten diote eraso.

Egundaino, alderdien arteko ika-mikak nagusitu dira joko-zelai politikoan, alor honi dagokionean ere. Ondorioz, euskal instituzioen inplikazioa lortzerako orduan ere, nozitu da eragin kaltegarri hau. Honen aurrean, Sarek ideologiaz gaindi, sentsibilitate ezberdineko norbanakoak artikulatzera begirako lan eskerga egin du arduraz, bere sorreratik gaurdaino. Eta gaur da eguna esan genezakeela inolako harrokeria asmorik gabe, benetan erreferentzia zabala izatea lortu duen mugimendua dela gurea. Baino oraindik orain, asko dago egiteko.

Guzti honengatik, aktibazio ziklo berri bat abiaraztea behar beharrezkoa dela uste dugu. Bi urteotan artikulaturiko indarrak, martxan jartzeko unea da. Helburu horrekin aurkeztu genuen iraila hastapenean Salatzen Dut dinamika, alderdiekin erronda egin, edota gaitz larriak dituzten euskal presoen askatasuna eskatzeko Donostian buruturiko manifestazioa.

Hain justu, euskal jendartea aktibatzeko helburuarekin. Euskal presoen eskubideen errespetuaren eta konponbidearen aldekoa den iritzi orokorra, aldekotasunetik harago mugiarazteko. Euskal erakundeetan eragina izan dezaten, alderdien arteko akordioak, ekimenak eta pausoak erdiestea bultzatzeko. Eta lorturiko inplikazioen maila, mobilizazioan ikustarazteko.

Gure asmoa, Herri oso bat elkarturik eta ibilian jartzea da. Aktibo. Guztion inplikazio maila handiagoarekin. Jendartetik hasi, eta alderdi eta instituzioetaraino. Langile, abokatu, kirolari, zaletu, ikasle, arkitekto, ingeniari, irakasle, itzultzaile, kazetari, zientzialari, idazle... den denak aktibatzea da gure helburua.

Eta helburu hori erdiesteko Salatzen Dut lan tresna plazaratu dugu. Giza Eskubideen ikur herrikoia izatea da nahi duguna. Bakoitzak bere egin ahal duena. Norberaren eremu propioan zabalduz, eta inplikazioak lortuz. Esparru bakoitzeko indarrak aktibatuz. Saskibaloi eta pilota kantxetan, edota futbol zelaietan. Lantegi, ikastetxe eta instituzioetan. Kaleetan...

Salatzen Dut aurpegi askotarikoa, ezaugarri eta formatu ezberdinetako ekimenez hornitua. Sentsibilitate guztiek partekaturiko gutxiengo komuna. Tresna aktibatzailea izatea da gure helburua.

Finean, eragin eremu bakoitzetik norabide bakarrean indar eginaz gero, herri osoa aktibaturik, geldiezina izango delakoaren ustea baitugu. Jendarte, alderdi eta instituzioak, ibilbide orri berbera partekatuz. Jendarte, alderdi eta instituzioak elkarlanean martxan, Madril eta Pariseko borondateak mugiarazteko asmoz.

Urriak 15ean, Donostian, ziklo berri honetako lehen aktibatze kanpamendua ezarri genuen. Datozen asteetan, alderdiekin bigarren errolda bat burutuko dugu, eremu hau ere aktibatzera begira. Herriz herri sentsibilitate ezberdinak aktibatzeko dugun asmoei gehitu beharrekoa. Eta urtarrileko mobilizazio jendetsua, aktibatze orriaren inflexio puntu garrantzitsua izatea da nahi duguna.

Salatzen Dut-ek baditu beharrezko osagaiak, eskubideen errespetuaren eta konponbidearen aldeko gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionala artikulatzeko, aktibatzeko eta gai hau agendaren erdigunean ipintzeko. Eragile bakoitzari dagokio hausnartzea, egoerak eskatzen duen neurriko ekarpena egiteko gai ote den ala ez.

Guk argi dugu. Gatazka gainditze bidean, ikasturte hau erabakigarria izan dadin, Herri aktibazioa da gakoetariko bat.

*Arantza Aldezabal, Urtza Alkorta eta Ainhoa Azkarate Sare herritarreko kideak dira

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude