Hernaniarren %70ak euskara menperatzen du, eta horrek ahalbidetu dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea. Asteasurenarekin batera, abenduaren 17an onartuko du Uemak Hernaniren eskaria, eta hala, 96 izango dira udalerri euskaldunak. Ezagutzak gora egin duen arren, euskaraz gutxiago hitz egiten da Hernanin 2011n baino.
Hernani (Gipuzkoa) izango da Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 96. Kidea. Herritarren %70 euskaldunak dira egun, eta hori da mankomunitatean sartzeko gutxieneko kopurua. Uemak adierazi du euskararen ezagutzak “nabarmen” egin duela gora 2011ko azken neurketatik, baina erabilerak behera egin du.
Eustat-ek urrian zabaldutako eta Uema-k azaroan ezagutarazitako zentsuaren datuak kontuan hartuta, hernaniarren %70ak euskara menperatzen du eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki du udalak asteazkeneko osoko bilkuran: hemeretzi aldeko botorekin –EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos-Orain Hernani–, eta bi abstentziorekin –PSE-EE–, kontrako botorik gabe. Uemako estatutuak onartu ditu aurrena, eta sartzeko eskaera egin du gero.
Ezagutzak gora egin duen arren, euskara lehen hizkuntzatzat duten herritarrak gutxiago dira 2011n baino, eta etxeko erabilera ere jaitsi egin da: %25,9koa da. Uemak herritarren “kontzientziazio faltaz” ohartarazi du, eta hori lortzeko udalaren bidelagun izango dela adierazi: besteak beste, Uemak kideentzat euskara zerbitzurako aholkularitza eta tailerrak eskaintzen ditu. Soziolinguistika Klusterrak maiatzean argitaratu zuen Hernaniko kale erabilera %33,3koa dela. Urumeako Kronikak jaso zituen kale erabileraren harira herriko eragileek egindako balorazioak.
Biztanleei dagokionez, Uemako bigarren udalerri handiena izango da Hernani –20.362 biztanle ditu–, Zarautzen atzetik. Abenduaren 17an Uema Batzar Nagusian da onartzekoa Hernaniren eta Asteasuren (Gipuzkoa) eskaerak, zeinak joan den astean hartu zuen Ueman sartzeko erabakia. Hala, 96 udalerri euskaldun izango dira, eta 300.000 biztanle euskaldun.
Asteasuren kasuan, arazoaren 23an onartu zuen udalak Ueman sartzeko eskaria egitea. %86,75ekoa da euskararen ezagutza bertan. Hala ere, erabileran beherakada izan du, Soziolinguistika Klusterraren kale neurketak aditzera eman zuenez: %73,3koa den arren, beheranzko joerak kezka eragin du.