argia.eus
INPRIMATU
Heriotza mehatxuak Elizondoko eta Baztango alkateei
  • Baztango eta Elizondoko alkateek heriotza mehatxuak jaso dituzte bi herri horietako udaletxeetan banderen legea ez betetzeagatik. Udaletxeko balkoietan Espainiako bandera jartzeko exijitzen zuten eskutitzean, “banderen legea nazio osoan betetzea derrigorrezkoa dela” argudiatuz. Hori egin ezean hil egingo dituztela ohartarazi diete Garbiñe Elizegi Baztango alkateari (Bildu) eta Mikel Sobrino Elizondoko alkateari (independientea) gutun bidez.  Agrupacion de Nacionalistas Navarros (ANN) taldeak izenpetzen du adierazpena.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko abuztuaren 09a
EH Bilduko kideek dei egin die UPN, PSN eta PPri gertaera horiek salatu ditzaten. Argazkia: Naiz

Nafarroako Bilduko ordezkariek atzoko prentsaurrekoan eman zituzten mehatxuen inguruko xehetasunak, tartean ziren Bakartxo Ruiz eta Xabier Lasa legebiltzarkideak eta Garbiñe Elizegi Baztango alkatea. Elizegiren arabera uztailaren 19ko data dauka gutunak, baina aurreko astean ireki zuten.

Gutunean astebeteko epea ematen diete ANNko kideek Bilduko ordezkariei ikurrina eta euskal presoen eskubideen aldeko ikurrak herritik kentzeko, eta ohartarazi diete egiten ez badute ekintzara pasako direla. Mehatxatuek salaketa jarri dute Foruzaingoan.

Ruizek, gogor salatu ditu mehatxuak. Bere ustez jarrera hauek argi uzten dute, eskuin zaharkituak joko demokratikoa onartzeko duen ezintasuna. Gogorarazi du koalizio subiranistak aurrez ere mehatxuak jasan izan dituela, besteak beste, 2011ko abuztuan Andoaingo eta Lasarteko udaletako ordezkariek jasandakoak.

EH Bilduko kideek dei egin die UPN, PSN eta PPri gertaera horiek salatu ditzaten. Mehatxu guztien gainetik lanean jarraituko dutela esanez amaitu dute prentsaurrekoa.

Nafarroako gobernuak eta UPNk ohar bidez gaitzetsi dute gertatutakoa.