Herbeheretako botiketan kalamua salduko dute


2003ko irailaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Jon Torner jontorner@argia.eus Herbeheretako Gobernuak mundu osoan aitzindari den erabakia hartu du: kalamua botiketan saltzeko baimena ematea. Kalamua gaixotasun larriak dituzten pertsonek soilik erosi ahal izango dute, medikuaren errezeta erakutsi ostean. Bost gramoko potetxoak 45-50 eurotan salduko dira. Hainbat herrialdek Herbehereetako Gobernuaren erabakia txalotu duten arren, bada aurka azaldu denik ere. Orain arte medikuaren errezeta zutenei marihuana banatzen zieten Marihuana Behar duten Gaixoen Fundazioak (PMM) adibidez, kritikatu egin du Osasun Ministerioak harturiko erabakia. Marihuana onuragarri izan daiteke osasunarentzat Caroline de Roos Herbeheretako Botikarien Erret Elkarteko (KNMP) bozeramaileak azaldu duenez, medikuek gainerako sendagaiekin hobekuntzarik sumatu ez duten gaixoei soilik emango diete kalamu potetxoak erosteko baimena. Esklerosi anitza nahiz Gilles de Touretten sindromea daukaten eta kimioterapiaz tratatuak diren gaixoek izango dute adibidez botiketan marihuana eskuratzeko aukera. Horiez gain, minbizia edo ihesa dutenek ere eros dezakete. Haxixak eta marihuanak gosea handitzen dute eta hori mesedegarria izan omen daiteke hauentzat. Bestalde, Willem Scholten Herbeheretako Osasun Ministerioko Kalamuaren Bulegoko (BMC) buruak kalamuak mina arintzeko balio duela adierazi du, baina uretan edo tetan disolbatua nahiz inhalatuz hartzeko gomendioa egin du, errez gero gaixoak bere osasunarentzat kaltegarriak diren produktuak "irentsi" baititzake. Marihuana Herbeheretako bi enpresak haziko dute. Ondoren Osasun Ministerioari saldu eta hark banatuko du herrialdeko 1.650 farmazietan. Hala, botikaria bera arduratuko da kalamua erosten dutenei hari buruzko argibideak emateaz. Garestiegia eta gaixoen beharretara egokitzeko zaila Egun 18 urtez gorakoentzat kalamua erostea libre da Holandako coffee-shop delakoetan. Bost gramo 25-30 eurotan eskura daitezke bertan, farmazietan baino dexente merkeago. Osasun Ministerioaren hitzetan, farmazietan salgai izango den kalamuak beharrezko kontrol guztiak gainditu eta kalitate ona bermatua izango du. Askok Herbeheretako Gobernuak harturiko erabakia txalotu duen arren, kontrako iritziak ere aireratu dira. Marihuana Behar duten Gaixoen Fundazioak (PMM) esaterako hainbat kritika egin dizkio. Gaur arte beraiek banatzen zieten marihuana gaixoei eta orain bere jarduera eten behar izan du. PMM fundazioak bost gramo 20 eurotan saltzen zituen eta hain zuzen ere, eginiko kritiken artean prezioari buruzkoak ere badaude, potetxo bakoitzeko 45-50 euro ordaintzea gehiegi dela baitio elkarte honek. Bestalde, PMMk kalamua erosteko baimena duten gaixoen zerrenda laburregia dela dio, hainbat gaixotasun zerrenda "ofizialetik" at geratu baitira. Gainera, marihuana dosiak gaixoen beharretara egokitzea ia ezinezkoa izango omen da, haxix belar bakoitzak intentsitate jakin bat duelako. Eta beste herrialdeetan? Herbeheretako Gobernuak harturiko erabakiari jarraiki, Kanada, Amerikako Estatu Batuetako bederatzi estatuk eta Hegoaldeko Gales Berriak (Australia) gauza bera egingo dutela iragarri dute. Era berean, Belgika, Alemania eta Luxenburgok ere aurrekoen bidea har dezakete. Espainiako Estatuan, aldeko eta kontrako ahotsak entzun ahal izan dira. CIU alderdiak adibidez gaixotasun larriek sorrarazitako mina arintzeko kalamuaren erabilera kontuan har dezala eskatu dio Gobernuari. Angel Acebes ministroak aldiz "kalamuaren onuren inguruan dagoen manipulazioarekin" amaitu behar dela esan zuen duela bi aste, "gazteentzat kaltegarria baita". Kalamuari buruzko informazio gehiago: "Farmazian ate joka ari da kalamua". Nagore Irazustabarrenaren erreportajea (ARGIA, 2000/07/23, 1771. alea). Drogomedia. "Drogak" atalean kalamuaren erabilpen terapeutikoari buruzko informazioa irakurri dezakezue. International Association for Cannabis as Medicine (IACM) erakundea. Informazio ugari eskaintzeaz gain, besteak beste posta elektroniko bidez doan banatzen duen buletinaren harpidedun egiteko aukera eskaintzen du. Buletina hainbat hizkuntzatan idatzia dago. The American Alliance For Medical Cannabis (AAMC) fundazioa. University of California's Center for Medicinal Cannabis Research (CMCR).

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Marihuanaren legeztatzea
2023-02-06 | ARGIA
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen

Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]


2021-06-04 | Axier Lopez
Drogen aurkako gerra betean, marihuana "legeztatu" dute Mexikon

Martxoaren 10ean, kalamuaren kontsumoa legeztatzeko lege ekimena onartu zuen Mexikoko Kongresuko Behe Ganberak, eta ondoren Senatuak. Hala, Uruguai eta Kanadaren atzetik, aisialdirako erabili ahal izango dute kalamua Mexikon, baina legalizazioa bermatu gabe. Narkotrafikoak... [+]


2020-12-02 | ARGIA
Kalamuari eragin medizinalak aitortu dizkio Nazio Batuen Erakundeak

Asteazkenean Vienan egindako bozketan, Nazio Batuen Erakundeak kalamuaren ezaugarri medizinalak onartu ditu, El Salton jaso dutenez.


2020-10-30 | Jone Markuleta
Eutanasia legeztatzeari baietz esan diote Zeelanda Berrian, eta ezetz marihuanari

Urriaren 17ko hauteskundeetan Zeelanda Berrian eutanasia eta marihuanaren kontsumoa legeztatzeari buruz erabaki zuten herritarrek. Eutanasiari dagokionez, hautesleen % 62,5ek legeztatzearen alde bozkatu du, eta % 33,8k aurka. Kalamua legearen barruan kontsumitzeaz, aldiz,... [+]


Eguneraketa berriak daude