Ehunetik gora taldek sustatutako Txirrinka, txandakako bizikleta martxa, maiatzaren 20an abiatuko da Hendaiatik. “Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!” leloarekin, asteburuan Euskal Herrian barna ibiliko diren lau zutabeek Bergaran egingo dute bat igande eguerdian.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, maiatzaren 22ko eguerdiko 12:00etan elkartuko dira, Bergarako Labegaraieta kiroldegiaren inguruan, Muskiz, Gasteiz, Hendaia eta Iruñetik abiatutako lau zutabeak. Hendaiakoa ez beste hirurek larunbatean hasiko dute ibilbidea.
Arabako zutabeak Aramaion egingo du larunbateko gaua, Bizkaikoak Elorrion eta Nafarroakoak Urretxun, Sakana eta Gipuzkoako Goierri zeharkatu eta gero. Hendaiatik abiatuko den zutabea, berriz, Donostiaraino iritsiko da ostiralean, eta handik Urretxura arteko tartea egingo du larunbatean.
Igandean, behin txirrindulari guztiek bat eginda, lau kilometroko manifestazioa egingo da (oinez) Bergarako herrigunetik Angiozar auzora. Han, ekintza sinbolikoa egingo dute Abiadura Handiko Trenaren lanen eremuan. Amaiera ekitaldia Angiozarreko pilotalekuan izango da, eta ondoren herri bazkaria egingo dute.
AHTri berebiziko sinbolismoa emango badiote ere, Txirrinkaren antolatzaileek Euskal Herriko “proiektu suntsitzaile” guztiei egin nahi diete kritika: “Azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da: garraio politika itxuragabea (AHT, autobide sarea, aireportuak…), energia gainezartzea (Garoña, zentral termikoak, frackinga, goi tentsio lineak…), uraren eta beste baliabide batzuen metaketa neurriz gainekoa, zaborren tratamendu kutsakorrak…”. Bizikleta martxa antolatzearekin batera, Txirrinka azpiegituren aurkako erresistentzien Euskal Herriko mapa osatzen ari da, ekimenaren webgunean ikus daitekeena.
Proiektuon aurka agertzeaz gain, jendarte eredua eraldatzeko deia egin nahi dute Txirrinkaren bidez: “Hainbeste azpiegitura txikitzaile behar duen sistema hau irauli behar dugu”. Besteak beste, gaitzetsi egin dute era horretako egitasmoek milioika euro berenganatzea, prekarietatea eta bazterkeria zabalduz doazen honetan.