Hogeigarren edizioa ekainaren 14an egingo da eta futbol partida, bazkari eta kontzertuz josia egongo da. 20 urtez presoekin elkartasunez lelopean ospatuko dute eguna, eta ekintza "bereziak" iragarri dituzte.
Hendaiako Futbol 7 txapelketak bi hamarkada betetzen dituela ospatzeko, ekimen "bereziak" egingo dituzte ekainaren 14an. Hendaian duela hogei urtetik belaunaldiz belaunaldi euskal preso eta iheslarien aldeko elkartasun eta aldarrikapenak futbolaren bidez adierazteko baliatu izan dute txapelketa.
Antolatzaileek preso eta iheslarien auziaren harira adierazi dute "aurrerapausoak" eman direla, dispertsioa amaitu baita eta preso politiko gutxiago baitaude kartzelan, baina, hala ere, gogorarazi dute dozenaka presok espetxean jarraitzen dutela, "beren senide eta lagunen besarkadetatik urrun"."Bestelako" beharrak ere sortzen direla gehitu dute, "preso-ohien bizitza duintasunez eraikitzeko laguntzari loturik".
Aurtengo edizioa "berezia" izango dela jakinarazi dute: "Urteurrena ospatzen dugulako eta berriro ere elkartasunetik abiatuta euskal preso eta iheslarien aldeko mezua zabaltzeko aukera izango dugulako". Txapelketa Hendaiako Ondarraitz zelaian ospatuko da, eta egun osoko jaialdia izango da. Ohi bezala, futbol partidak oinarri izango dira, baina aurten "ekimen bereziak" antolatu dituztela ezagutarazi dute, "parte-hartzaile eta bisitariek egunaz gozatu dezaten".
08:30ean hasiko dira lehenengo partidak, eta horien artean, ekitaldi politikoa egingo dute; 13:00etan bazkaria hasiko da. "Lehiakortasunetik haratago", musika eta "giro goxoa" izango direla esan dute. Musika jaialdiari hasiera emateko, 17:00etan Zker Elektrotxarangak zelai inguruak alaituko ditu. 20:00ean KODE eta ØDEI musikariek jarraipena emango diote, kontzertu banarekin eta iluntzean DJ Uzkülüz, egunari amaiera emateko.
Gogoratu dute jaialdia ez dela "soilik" ohiko txapelketaz "gozatzeko", baizik hogei urteko "ibilbidea ospatzeko eta aurrera begira konpromisoari eusteko" aukera ere badela. Beraz, ekainaren 14an Hendaian izateko eta izena emateko deia zabaldu dute, "euskal preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herrira bidean".