argia.eus
INPRIMATU
Hendaiako erretentzio zentroa apirilaren 3an okupatzeko deia egin du Bizi!k
  • Martxoaren 24an, Bizi mugimenduak deiturik, ehun bat lagunek ekintza sinbolikoa egin dute Biarrizko Europa biribilgunean. Europa kartzela dela salatu eta etorkinen erretentzioen iraupena 90etik 135 egunera luzatzen duen Frantziako Barne ministroaren lege proiektua bertan behera uztea eskatu dute.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 27a
Argazkia: Bizi!

Heldu den apirilaren 3an, berriz irekiko da Hendaiako erretentzio zentroa. Horren harira, Bizik elkartasun kanpaina abiatu du: Haiek, gu dira. EtorkiZuna. Apirilan astero ekintza bat burutuko dute. Apirilaren 20 eta 21ean “Imigrazioa bestela pentsatu” foroa antolatuko dute eta Maiatzaren Leheneko manifestaldian etorkinen sustenguz parte hartuko dute.

Migranteen gaiaren kudeaketa errefusatzen duten pertsonak deitu dituzte apirilaren 3ko ekintzan parte-hartzera. Ondorengo fitxa betetzeko deia luzatu dute: etorkiZUna. Helburua da adieraztea migratzaileen ordez Hendaiako erretentzio zentroan nahi dutela atxilotuak izan. Apirilaren 3an atxikimenduen zerrenda osoa emango diote eskura zentroko zuzendariari.

Anaiz Agirrek azaldu du Bizi! borroka honetan engaiatzaren zentzua. Bere esanetan, migrazioaren gaiak gero harreman handiagoa du "jada martxan den klima nahasmenduaren gaizkitze eta zalutzearekin", jakinez herri industrializatuek ardura historiko argia dutela horretan. "Ezin dugu gure arduretarik ihes egin, eta orain "molda zaitezte" erran! Horrelako diskurtso bat oraino onartezinagoa litaike luzaz emigrazio herri bat izan den Euskal Herrian, jakinez milaka Euskal herritar miseriatik ihesi joanak munduko hainbat herritan errezebituak izan direla. Bihotz oneko proiektu errealista bakarra da elkarrekin gero amankomun baten eraikitzea, solidarioa eta jasangarria. Gure etorkiZUna, etorkinekin eraiki behar dugu.", adierazi du.

 

Ekimenaren argazkiak: