Nagore Laffageren hilketaren 10. urtemuga dela-eta Helena Taberna zinegile altsasuarrak Nagore dokumentalaren emanaldi eskubideak debalde utzi dizkie emakume talde zein bestelako elkarteei Sanferminak iraun bitartean, uztailaren 6tik 17ra.
Ikus-entzunezkoaren emakume profesionalen direktorioak, Hemen elkarteak, bere kide den Taberna zinegilearen ekimena txalotu du. Hamar urte dira Diego Yllanes-ek Laffage hil zuela Iruñeko Sanferminetako festetan. Hilketa hura aztertzeaz gain, gaur egun festen inguruan gertatzen diren beste hainbat kasuren isla ere izan nahi du Nagore dokumentalak.
Emanaldiak antolatuz, eta La Manada bezalako kasuekin gertatu den moduan, hausnarketa eta elkarrizketak sorraraztea du helburu ekimenak. Hemen-ek uztailaren 7an eskainiko du lana, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur-en. Solasaldia ere antolatu dute emankizun osterako.
Dokumentalaren kritika egin genuen Argian: Nagore Laffageren auzian, ikuslea epaile