argia.eus
INPRIMATU
Helegitea jarri diote 119 administrari-plaza egonkortzeari, hizkuntza eskakizuna dutelako
  • LABek ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko 119 langileak egonkortzeko egin den bidea bertan behera gelditu daitekeela, hizkuntza eskakizuna ezarri izanagatik helegitea aurkeztu dutelako. LABek eta ELAk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 16rako, Donostian.

ARGIA @argia 2024ko otsailaren 15
Oldarraldi judizialak kolpe asko izan ditu. Argazkian Laudioko elkarretaratze bat. Argazkia: Kontseilua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko sail sindikalak ohartarazi du gertaeraz. Sindikatuak adierazi duenez, helegitea jarri du Nafarroako Izquierda Unidako zuzendaritza lehiaketan egon den politikari nafar batek, Bilboko abokatu baten laguntzarekin. Gipuzkoako Foru Aldundirako 119 administrariren lanpostuak egonkortzeko jada onartuta zeuden oinarrien aurka jarri dute helegitea. Argudiatu dute lanpostu guztietan ezarri dituztela hizkuntza eskakizunak. 2. eta 3. mailako hizkuntza eskakizunak ezarriak zeuden, hain zuzen ere.

LABek azpimarratu du helegitea prozesuaren amaieran jarri dutela, alegia, 119 langileen behin betiko zerrenda argitaratu eta gero. Sindikatuak adierazi du, “epaileek gaur arte aritu diren ildo beretik joko balute, langile euskaldun hauetako multzo garrantzitsu batek lanpostua eskuratu ondoren, utzi egin beharko luke, herritarren eta lankideen hizkuntza hautua errespetatuko ez luketen langile elebakar erdaldunei ateak zabalduz”.

LABek auzitara joko du eta kodemandante moduan aurkeztuko da. Egonkortze prozesuan parte hartu duten langile kaltetuei gauza bera egitea eskatu die.

LAB eta ELA sindikatuak azpimarratu dute helegitea jarri duen pertsonak ez duela egonkortze prozesuan parte hartu, eta ez dela Foru Aldundiko langilea. Adierazi dute oldarraldi judizialak ez duela etenik eta amesgaiztoak aurrera segitzen duela. Bi sindikatuek galdetzen dute ekintza hauen atzean zein asmo dagoen. Bestalde, euskal herritarren eta euskal langileen hizkuntza eskubideak urratzen direla salatu dute.

Elkarretaratzea otsailaren 16an

LABek eta ELAk dei egin die Gipuzkoako Foru Aldundiko langileei, kargu politikoei eta euskal eragileei, otsailak 16, ostirala, 10:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan, jauregi aurrean elkartzera.