EHZ

Helburuak bete dituztela eta, gustura agertu dira EHZko antolatzaileak

  • Markatutako helburuak bete direla eta edizio arrakastatsua izan dela nabarmendu dute EHZko antolatzaileek.


2013ko uztailaren 01an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Haurrak irribarretsu Lekornen. Arg: EHZ.

"Apustu berriak eginak genituen aurten, eta helburuak beteak eta gaindituak izan dira", adierazi dio Kazeta.info-ri Ekhi Erremundegi EHZko kideak.

Ekainari bukaera emanez itxi da asteburuan Lekorneko (Lapurdi) Garro jauregiaren ondoan, Euskal Herria Zuzenean festibalaren 18.edizioa. Lehengo urtean Heletara gerturatu zirenen zifren tankeran, 12.000 bisitari izan ditu aurtengoan jaialdiak, eta antolatzaileak gustura agertu dira.

Tokiaren garrantzia ere azpimarratu dute. Garroa eremua zaharberritzeko asmotan zebilen Lekorneko Herriko Etxea, eta proiektu horren barruan sartu zen EHZ. Heletako plazatik Lekorneko Garro jauregiaren inguruetako baso eta zelaietara pasa dute aurten festibala. "Lekorne leku berria zen guretzat, dena berria zen, ez genekien sobera nola iritziko zitzaion jendeari, baina lekua benetan bikaina da, denak biziki kontent dira". Herriko auzapeza, Lucien Betbeder, gustura agertu da EHZrekin egindako elkarlanarekin, eta hemendik aurrera horretan jarraitzeko asmoa erakutsi du.

Eskaintza zabala izan du oraingoan ere EHZk. Musika aldetik Keny Arkana, Jimmy Cliff edo Fermin Muguruza bezalako puntako artistek girotu zuten festibala hiru egunez, eta pentzeetan barrena ibili ziren elektrotxarangak eta kale animazioa ere. Auzolanaren filosofiarekin egiten du lan jaialdiak, eta gai horixe hartu dute hitzaldi eta mahai-inguruetarako. Komunikabideak, hezkuntza edo finantza bezalakoak auzolanean aurrera eramateko estrategiez aritu ziren Xerrenda gunean.

Igandea izan zen egunik lasaiena. Eguerdian Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik bazkari herrikoia egon zen zikiro janarekin, eta bazkal ostean kantaldia izan zen Petti, Amaren alabak, Oreka TX, Aire ahizpak, Anje Duhalde, Niko Etxart, Maddi Oihenart, Rafa Rueda eta Mobydick abeslariekin.

Ez adiorik, Garro arte! esanez bukatu zuten igande arratsaldean egindako ekitaldia oholtza gainera igotako bi antolatzailek, baina aurretik boluntario lanetan ibili ziren laguntzaileei, lekondarrei eta festibalera gerturatu ziren milaka lagunei eman zizkieten eskerrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude