Hegoaldeko Sudan gerra zibilaren atarian, hedabideek noiz informatuko zain


2014ko apirilaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ezkerrean Riak Machar nuer tribuko presidente ohia, eskuinean Salva Kir presidente dinka. (Arg: La Voz)

Hegoaldeko Sudan munduko herrialderik gazteena da. 2011n independizatu zen Sudanetik, nahiz eta autonomia 2005etik onartua zuen.

2011ko uztailean Hegoaldeko Sudango Errepublika onartu zenetik barne liskarrak geroz eta indartsuagoak bihurtu dira.

Herrialdearen baliabide urritasunak bultzatuta tribuen arteko erasoak gero eta gogorragoak izaten ari dira eta, Ramon Lobo kazetariaren esanetan, Juba hiriburuan tentsioa da nagusi: “Hilketen inguruko albisteak nonahi daude hedabideetan, eta etnia-gerra baterantz bideratzen ari da herrialdeko gatazka”.

Bi alderdi bereizi dira: dinkak eta nuer-ak. Kristauak eta nilotikoak dira bi taldeak.

Hegoaldeko Sudango presidente Salva Kir dinka tribukoa da, eta Riak Machar presidente ohi eta lider errebeldea nuer taldekoa.

Lobok azpimarratu duenez, nazioarteko komunitateak esku hartu ezean “Hegoaldeko Sudan genozidioen eta goseteen olinpoan sartuko da une batetik bestera”.

Zazpi milioi pertsona arriskuan

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) kaleratutako datuen arabera zazpi milioi pertsona arriskuan daude egun.

Euriteen sasoiaren atarian, gerra nekazalguneetara hurbiltzen ari dela ohartarazi du NBEk. Gerragatik ez bada, pertsona asko goseak eraginda hiltzeko arrisku larria dagoela azpimarratu dute.

Egunero daude hilketak bi bandoetan. Loboren esanetan abenduaren 15etik gerra zibilaren atarian dago Hego Sudan, baina egoera nazioartearentzako “ikusezin” da, “bigarren mailako gatazka”.

Alberto Rojas kazetariak El Mundon salatu duenez, hilaren hasieran jazotako eraso batean matxinoek zibilak etniaka banatu zituzten Bentiun, Hegoaldeko Sudango petrolio-hiriburu nagusian. Ondoren, etnia etsaieko ehunka zibil hil zituzten eta armak hartzera ausartzen ez ziren etnia-lagunak hiltzeko deia zabaldu zuten Mila Muino irratian igorritako mezuan, kazetariaren esanetan.

Bentiungoa, ordea, erasoetako bat besterik ez dela jakinarazi dute kazetariek. Rojasen esanetan Kali-Balleeko mezkitako erasoan 200 pertsona hil eta beste 400 zauritu zituzten, eta Dinka eta Nuerren errefuxiatu kanpamenduak erasoak jasaten ari dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoaldeko Sudan
Eguneraketa berriak daude