argia.eus
INPRIMATU
Hegoaldeko dantza talde batek lehen aldiz maskarada plazaratuko du Zuberoan
  • Gaztedi Dantzari Talde bizkaitarrak maskarada osoa antzeztuko du larunbatean Zalgizeko jaietan, Zuberoan. Hegoaldeko dantza talde batek maskarada Zuberoan emango duen lehendabiziko aldia izango da.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 27a
1994ko maskaradaren 20. urteurrena ospatzeko Gaztedikoek otsailean egindako emanaldia, Bilbon. (Argazkia: Oier Araolaza/dantzan.com).

1994an Gaztedi Dantzari Taldeak Zuberoako maskarada osoa antzezteari ekin zion, goizeko barrikadak eta arratsaldeko ofizio guztiak barne. Dantzan.com webgunean azaldu dutenez, antzezpen hark ez zuen pareko aurrekaririk izan Hegoaldean, eta ordutik aurten arte ere ez da errepikapenik egin.

Euskal Herrian antzezpen ugari egin zituzten 1994an, bai Hegoaldean baita esaterako Baionan ere. Dantza taldearen esanetan, aitorpen ugari jaso zituzten jatorrizko antzezpenaren fideltasunagatik, parte-hartzaileen mailagatik eta Hegoaldekoentzat maskaraden funtsa ulergarri egiteko asmoz, batura eta bizkaierara egindako moldaketagatik.

“Ohore eta erantzukizun ikaragarria”

Urte haren 20. urteurrena ospatzeko aurtengo otsailaren 22an Gaztedik maskarada plazaratu zuen Bilboko Santuxu auzoan. Iruri eta Zalgizeko dantzariak, aurtengo Zuberoako maskaradetako kideak, bertara agertu eta aste betera, parte hartu zuten 48 dantzari, antzezle eta musikariei emakizuna Zuberoan egiteko gonbitea luzatu zieten.

Dantza taldekoek Zuberoan maskarada osoa plazaratu ahal izatea “ohore eta erantzukizun ikaragarria” dela adierazi dute. “Anai-arreba” zuberotarrengandik ikasitakoa beraien aurrean egitea oparia eta lanean jarraitzeko bultzada dela esan dute.