argia.eus
INPRIMATU
Hegoafrikako atzerritarren aurkako eraso xenofoboek gatazka diplomatikoak sutu dituzte
  • Nigeriako, Somaliako eta Bangladesheko herritarren aurka Hegoafrikan jazotako eraso xenofoboek herrialde hauen erreakzioa ekarri dute, gatazka diplomatikoak berpiztuz.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 06a
Komertzioetan lapurretak izan dira.

Johannesburgo, Lurmutur Hiria eta Pretoria Hegoafrikako hirietan inguruko herrialdeetako etorkinen aurkako eraso xenofoboek gora egin dute, migrazioaren gorakadak “bertakoei lana kentzen” dietela argudiatuz. Irailaren 1ean piztu da gatazka, pertsona batzuek kanpotarren komertzio asko dagoen Johannesburgoko eraikin bati su eman ostean. Gutxienez hamar hildako eta 200 atxilotu izan dira erasoetan eta ondorengo egunetako liskarretan.

Nigeriako Gobernuak erasoak “onartezinak” direla esan du, eta ordezkari berezi bat bidali du Johannesburgora, tentsioa baretzeko asmoz. Horrez gain, Hegoafrikan dauden nigeriarrak aberriratzeko prestutasuna adierazi du. Zambia eta Etiopiak, bestalde, kontuz ibiltzeko eskatu diete Hegoafrikan bizi diren herritarrei, eta ahal badute haien herrialdera itzultzeko gomendatu diete.

Hegoafrikan izan diren erasoek Nigeriako herritarrak asaldatu ditu, eta hauetako batzuek hegoafrikarren aurka egin dute. Hori dela eta, Hegoafrikak Nigerian duen enbaxada behin behinekoz ixtea erabaki du. Zambian ere komertzio hegoafrikarren aurkako erasoek gora egin dute, eta ikasle talde batek Hegoafrikako enbaxadaren kontra egin du.

Nigeriako Ikasleen Elkarte Nazionalak mehatxu egin die komertzio hegoafrikarrei, eta zazpi egunetan herrialdetik ez badoaz “ondorioak” izango direla esan du Danielson Bamidele Akpan ordezkariak.

Gatazkaren erroak

Batzuentzat gatazka langabezia-tasa altuak (%28) eta orokortutako pobreziak eragin du, baina beste batzuentzat xenofobia eta “zentzu gabeko” biolentziaren arteko nahaste sinplea izan da. Kanpotarren komertzioak erasotzen ibili diren batzuek kaleak droga salmentaz garbitu nahi dituztela diote, eta beste batzuek legez kanpoko migratzaileak bota nahi dituztela.

Egoera oso nahasgarria da, baina historiari erreparatuta arazoaren errora hurbildu gaitezke. Hegoafrikan apartheid bazterkeria sistema egon zen indarrean 42 urtez, eta 90eko hamarkadan sistema aldatzeko pausuak ematen hasi ziren. 1994an herritar beltzek bozka zezaketen herrialdeko lehenengo hauteskundeak egin zituzten, eta hortik aurrera Hegoafrika ekonomikoki hazten joan zen. Urte gutxian kontinenteko potentzia nagusi bilakatu zen, eta inguruko herrialde txiroenetako jendea bertara migratzen hasi zen bizi-baldintza hobeen bila.

Herrialdea etengabeko hazkundean zegoen murgilduta, eta langile asko behar zen esponentzialki handitzen ari zen industriaren beharra asetzeko. Mundu mailako kapitalaren krisiarekin, baina, lehenago beharrezkoa zen langileria kapa handi bat kaleratua izan zen, eta langabezia tasak izugarri egin zuen gora. Pobrezia areagotu egin ziren, eta industria mediatikoaren laguntzaz, beste leku askotan gertatzen den bezala, langabeziaren errua kanpotarrei botatzen hasi ziren sektore batzuk. Horregatik, horrelako biolentzia xenofoboa lehenagotik ere gertatu da Hegoafrikan: 2015ean gutxienez zazpi pertsona hil ziren antzeko gertaeretan, eta 2008an herrialdeko hiri askotan izan ziren gatazketan 60 hildako izan ziren.