Hego Tirol eta Aosta Haraneko gehiengoa alderdi autonomisten alde Italiako hauteskundeetan

  • Italiako hauteskundeek herrialdeko mugimendu autonomista eta independentisten argazki eguneratua utzi digute, Nationalia webguneak txukun jaso duenez. Bertan irakur dezakegu aosta harandarren %70ek eta hego tiroldarren %60k ez duela Italiako alderdi estatalistarik bozkatu. Sardiniako abertzaletasuna 2008ko hauteskunde orokorrekin alderatuta pixka bat hazi da eta %3,4aren bueltan geratu da. Veneton emaitza are kaxkarragoak, guztira %2,3a lortu dute. Puntuka errepasatuko ditugu.


2013ko otsailaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
'Hego Tirol ez da Italia' dioen afixa.

Aosta Haranean gehiengo autonomista

Alpeetan kokatutako bailara honetanalderdi italiarrak gutxiengo posizioan geratu dira berriz ere. 128.810 pertsonak zeukaten boto eskubidea eta hiru alderdirik bozkatuenak alderdi autonomista lokalak izan dira. Union Valdotainek botoen %25,4 lortuta irabazi egin dio lehen aldiz bere eszisio gisa aurkeztu den Union Valdôtaine Progresiste alderdiari (%25,1). Hirugarren lekuan ALPE autonomista-ekologista geratu da botoen %19,8arekin. Alderdi independentista bat ere aurkeztu zen, Valle de Aosta Nación, baina oso emaitza txarrak atera ditu: %0,2.

Aosta Haranean frantsesez bizi da herritar asko eta aipatutako hiru alderdien webguneak gehienbat hizkuntza horretan idatzita daude, nahiz eta Italiako parte izan egun. Autonomia maila bat duen eskualdea da.

Hego Tirolen ere gehiengoa

Tirol Austria eta Italiako estatuetan zatituta dago, eta alemanieraz, italieraz eta ladineraz hitz egiten dute gehienbat. Austrian daude Ipar eta Ekialdeko Tirol, eta Italian Hego Tirol.

Hego Tirolen boto autonomista eta independentista hazi egin da. 2008an %58a lortu zuten; azken astean %60 lortu dute bi zerrendaren artean. Batetik Südtiroler Volkspartei (SVP, Hego Tirolgo Herritarren Alderdia) zentristak botoen %44,2a lortu du, 1945ean sortu zenetik nagusi den alderdiak.Die Freiheitlichen (Askatzaileak) independentista eta eskuindarrak historiako emaitzarik onena lortu du, botoen %15,9arekin.

Historia interesgarria du Italia iparraldean dagoen Tirolgo parte honek. Egun autonomia zabala eta Austriaren menpeko Ipar zein Ekialdeko Tirolekin harreman estuak dituen arren (Euroeskualdea osatua dute), 1919an Italiaren parte izendatu zutenetik gorabehera handiak izan dira.  BAS erakundea sortu zuten (Befreiungsausschuss Südtirol – Hego Tirolen Askapenerako Komitea) eta borroka armatua praktikatu zuten 1958 eta 1988 artean. Eraikin eta seinale faxistei eraso egiten hasi ziren, eta polizia italiarraren aurkako atentatuak egin zituzten bukaerarako. Guztira 21 pertsonaren heriotza eragin zuten, tartean 4 ekintzaile.

Sardinian gutxiengo apala

Sardiniako alderdiak hiru zerrendatan aurkeztu ziren eta hiruen artean botoen %3,4a lortu dute, 2008ko hauteskunde italiarrekin alderatuta gorakada txikia (%2,3 atera zuten orduan), baina Sardiniako azken hauteskundeetan ateratakoa baino baxuagoa.

Alderdi sardiniar bozkatuena Partidu Sardu D’Azione (Psd’Az) izan da, bozken %2arekin. Alderdi honek autonomia estatutuaren erreforma aldarrikatzen du. Beste bi alderdiek programa independentista aldarrikatzen dute: Indipèndentzia Repubrica Sardigna (IRS) %0,8  eta MERIS(%0,6). Zerrendetako batek berak ere ez du ordezkaritzarik lortu.

Sardiniako alderdirik bozkatuena Grilloren 5 Izarreko Mugimendua izan da, Bersaniren Alderdi Demokratikoaren aurretik.

Veneton indar gutxi

Nazio venetarra aldarrikatzen duen independentismoa hiru zerrendatan aurkeztu da. Hiruen artean botoen %2,3a lortu dute. Emaitza txarrak, kontutan hartuta Lega Nordek jaso duen kolpea, orain bost urteko %25etik %10era pasa baita.

Oharra: Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogetik ekarria da. Bertan estaturik gabeko herrien inguruko idatzi gehiago topatuko dituzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
Sami hizkuntzak elur-hitzak soberan ditu aldaketa klimatikoarengatik

Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.


2024-03-27 | ARGIA
NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

32.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


Eguneraketa berriak daude