argia.eus
INPRIMATU
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...
  • Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri dira. Zigarro elektronikoei eta bapeatzaileei ere eragingo lieke.  

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 30
autobus-markesinak izango dira kerik-gabeko eremuetako bat. EitB

Espainiako Osasun Ministerioak adierazi du lege proposamena idazten ari dela kerik gabeko eremu berriak ezartzeko. Osasun ministro Monica Garciak eman du horren berri ohar bidez. Legeak aurrera egingo balu, Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ezingo litzateke tabakorik erre tabernetako terrazetan, autobus geltokietako markesinetan, lan-helburuetarako ibilgailuetan, kirol-instalazioetan edo unibertsitate-campusetan. 

Hala ere, Gobernuak ez du guztiz zehaztu zein eremu izango diren kerik gabekoak. Aipatutako eremuak Garciak egindako adierazpenetatik jaso dira, baina gehiago izango direla eta "ahal bezain pronto" iragarriko dituela esan du. Lege berriak, zigarro elektronikoei eta bapeatzaileei ere eragingo lieke.  

Espainiar ministroak, halaber, azaldu du lege aurreproiektua Europako Osasun Ministroen kontseilutik egindako lanketa baten ondorio dela eta Europar Batasunak ezarritako ildoei jarraitzen diela.