Hego Euskal Herrirako Gizarte Segurantza eta Pentsio Sistema propioa proposatu du EAJk. Gaiaren nondik norakoak biltzen dituen proposamen txostena aurkeztu du asteburuan, Iruñean eginiko Batzar Nagusian. EAJk “alternatiba” bat sortu behar izan du, “Pentsioen Sistema Publikoak espainiar Estatuan gaur egun pairatzen duen defizit-egoeraz” jabeturik. Neurria 2019. urtetik aurrera aplikatuko litzateke.
Alderdiak Espainiako Gizarte Segurantza eta Pentsio Sistemaren bideragarritasun eza azpimarratu du: “Badakigu, orobat, espainiar sistemaren oraingo `ongizate´ estatu gatibuaren premisa `bazterrezinek´ ez dutela ahalmen nahikorik errealitate eta eskari sozialari erantzuteko”. Bestetik, sistema propioa birdiseinatu eta inplementatzeko abiapuntuko ikuspegia “positiboa” dela adierazi du EAJk.
EAJk gaineratu du “Lagunkidetza edo gisa bereko” organo kudeatzailea konfiguratu beharko litzatekeela sistema bera martxan jarri eta kudeatzeko. “Organo horrek gaitasuna izan beharko luke gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoaren eskualdatze eredua prestatzeko, hasierako unean; eta gizarte segurantzaren kudeaketa osoa egiteko, bere dimentsio unibertsalenean, geroago”, azaldu du.
Aldebiko erreakzioak
Gizarte Segurantza eta Pentsio Sistema propioa sortzeko proposamenak aldebiko erreakzioak eragin ditu alderdi politikoen artean. PSEko idazkari nagusi Idoia Mendia aurka azaldu da. Bere aburuz, “pentsioak pribatizatzeko” ahaleginean dabil EAJ.
Bestalde, pentsio sistemaren sortze prozesuan elkarlanean jardutea iradoki die EH Bilduko parlamentari Oskar Matutek jeltzaleei. Pentsioen kudeaketa bere gain hartu bitartean, Espainiako Estatuak eginiko ekarpenak osatzeko mekanismoak eskaintzea proposatu du EH Bilduk.