argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko urteko soldata arrakala 7.500 euro baino gehiagokoa da
  • ELA sindikatuak zabaldu duen datuaren arabera, Hego Euskal Herrian urteko soldata arrakala 7.500 euro baino gehiagokoa da, %24tik gorakoa, hain zuzen ere. ELA eta LAB sindikatuek salatu dute zerbitzu publikoak pribatizatzeak eta azpikontratatzeak ere eragiten duela soldata arrakala.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 23a

Otsailaren 22an Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Europako Eguna izan da. Horren harira beren irakurketak plazaratu dituzte sindikatuek. ELAk horrela azaldu du zer den soldata arrakala: "Oraindik ere, emakumeok gizonek baino soldata baxuagoak jasotzen ditugu balio bereko lanak egiteagatik. Oraindik ere, emakumez osatuko lanbide, sektore zein lanpostuak gutxietsiak izaten jarraitzen dute, sozialki, zein ondorioz, ekonomikoki". LABen Idazkaritza Feministak salatu duenez, "ez dago emakumeenak* edo gizonenak diren lanik. Hau eraikuntza bat da. Horiek noren arabera balioesten diren ez da neutroa, ez normala, ez naturala. Sistemak inposatzen ditu, emakumeen lan-baldintzak* beti okerragoak izan daitezen, edo gu izan gaitezen etxeko zaintza-lan guztien arduradunak”.

Legea ez da betetzen enpresetan

ELAk zerrendatu ditu zein legek jasotzen duten soldata arrakalaren gaia: Berdintasun Planen inguruko 6/2019 eta 901/2020 Errege Lege Dekretuak, Soldata Berdintasunaren inguruko 902/2020 Errege Lege Dekretua. Baina zera gehitu du: "Maiz legea bere osotasunean aplikatzea ere kosta egiten da, berdintasun neurri eta mekanismo formalek zuriketa morea izaten dutelarik helburu gehiegitan". Soldata arrakalaren aurkako lege eta arauak enpresetan betearazi behar direla nabarmendu du. LABek honakoa proposatu du: “Botere publikoetatik ere behartu beharko lituzkete maskulinizatuta dauden enpresak emakumeak* kontratatzera”.

Zerbitzu publikoak pribatizatzea, arrakala eragiteko modu bat

Bai ELAk eta bai LABek azpimarratu dute feminizatuta dauden zaintza zerbitzu publikoak azpikontratatzeak arrakala handitu baino ez duela egiten.