Covidaren zazpigarren olatuaren erdian eta osasungintzako profesionalak “erabat gainezka, akituta eta gainzamatuta” daudenean, Hego Euskal Herriko ospitaleetan udaran gutxienez 1.000 ohe kentzea larria dela eta udan ere jendea gaixotzen dela adierazi du Satse erizainen sindikatuak.
EAEn 900 ohe eta Nafarroan 100 murriztuko dituztela kalkulatu du sindikatuak, baina kopuruak ziurrenik handiagoak izango direla, hainbat zentrotan ez dutelako daturik eman nahi izan. Administrazioen erabaki hauek ospitaleak “erloju-bonba” bilakatuko dituztela dio sindikatuak.
Oheak ixtea eta bertan behera uztea kanpo-kontsultak, diagnostiko probak eta ebakuntzak “bereziki larria da uneotan, Covidaren zazpigarren olatua gero eta presio handiagoa eragiten ari denean arretan, bai larrialdietan, bai plantan, bai ZIUetan; zentro guztietako itxaron-zerrendak gainezka daude pandemiaren ondorioz”.
Oheen kopurua murrizteak dakar herritarrei behar bezalako osasun arretarik ez bermatzea, diote: “Udan ere osasun arazoak ditu jendeak eta ezin dute iraila ostera arte itxaron”.
Profesionalak eurak fisikoki eta psikologikoki nekatuta daudela ere gogoratu du Satsek.