argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko lehen energia komertzializatze munizipala sortu dute Izaban
  • Energia Rio Ezka izena du Hego Euskal Herriko lehen energia komertzializatze munizipalak. Izaba inguruko baliabide naturalak aprobetxatuz, eskualdea nahiz iberiar penintsulako edozein txoko hornitzeko prest daude. Proiektu aurrerakoia eta iraultzailea dela diote arduradunek.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 26a

60. hamarkadatik daramate energia ekoizten Izabako zentral hidroelektrikotik. “Betidanik eduki izan dugu produkzio gune hori, baita banatzaile zerbitzua ere. Komertzializatzearekin zirkulua osatu nahi genuen eta horretarako zerbitzua eskaintzeko esparrua zabaldu dugu” dio David Bainesek herri batzordeko kideak. Lan postuak sortu eta jendea herrian geratzeko egitasmoa “aurrerakoia” dela dio. Hego Euskal Herrian energia ekoiztu, hornitu eta komertzializatzen duen lehen enpresa da Izabakoa.

Arrain handiak txikia jango duenaren beldurrik sentitu gabe, enpresa hegemonikoekin lehiatzeko prest daudela diote arduradunek. “Argiaren ordainagiria ordaintzen duen edonork kontratatu gaitezke”. Ekoizle erreferenteen aldean, etekin ekonomikoari baino, balio soziala dute helburu Energia Rio Ezka proiektukoek: “Herriak herriarentzat sortzen dituen ekimenak babestu nahi ditugu, alde ekonomikoari hainbeste begiratu gabe”.