Espainiako Gobernuak langabezia prestazioa onartu du etxeko langileentzat eta langabezia prestaziorako eskubidea ez zuten denboraldi baterako langileentzat. Alarma egoeran kaleratuak izan diren edo beren lanaldia murriztua izan duten etxeko langileek jaso ahalko dute laguntza; denboraldi baterako langileek gutxienez bi hilabeteko kontratua izan behar zutela adierazi du Gobernuak, eta kotizazioa derrigorrezkoa izango da.
Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak apirilaren 4an egin ditu publiko etxeko zein aldi baterako langileentzako diru-laguntza ez-ohikoen gaineko xehetasunak.
Etxeko langileen kasuan, langabezia prestazioa oinarri arautzailearen %70koa izango da, eta bateragarria bestelako jarduera ekonomikoekin, beti ere lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez badu; etxeko langileen kasuan, 950 eurokoa da gutxieneko soldata.
Laguntza eskubiderik garatu gabe lan kontratua alarma egoeran amaitu zaien aldi baterako langileen kasuan, ez-ohiko diru-laguntzak jasotzeko baldintza gisa ondokoa xedatu du Espainiako Gobernuak: amaitutako kontratua gutxienez bi hilabetekoa izatea, derrigorrezko kotizazioarekin.
Diru-laguntza hauek kanpo uzten dute administrazio publikoen partetik ezin diru-laguntza jasotzen duen oro; alegia, laguntza ez da bateragarria gutxieneko errentarekin edo gizarte laguntzako soldatarekin, besteak beste. Lanaldi osoko lanarekin ere ez da bateragarria laguntza.
Estatuko Enplegurako Zerbitzu Publikoa (SEPE gazteleraz) izango da diru-laguntzak jaulkiko dituena, eta eskaera egin eta hurrengo hilabetetik aurrera helduko zaizkie onuradunei.