argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko 700 pisu turistiko ilegalen iragarkiak kendu beharko dituzte plataforma digitalek
  • Araban 19, Bizkaian 279, Gipuzkoan 173 eta Nafarroan 230. Espainiako Etxebizitza Ministerioak Hego Euskal Herrian 701 etxebizitza turistiko ilegal atzeman ditu eta plataforma digitalei eskatu die haien iragarkiak kentzeko webguneetatik. Airbnb-k, plataformarik indartsuenak, adierazi du ministerioaren erregistroan onartuak izan ez direnen %10 baino gutxiago dituela plataforma digitalean, eta araudia “zorrotz” beteko duela.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 15
Donostiako etxebizitza eskaintza plataforma digitaletan. Irutxuloko Hitza

Plataforma digitalek –Airbnb, Booking eta Rentalia dira garrantzitsuenak– Hego Euskal Herriko 701 pisu turistikoren erreferentziak kendu beharko dituzte, hala eskatuta Etxebizitza Ministerioak. Bizkaia da kopuru handiena duena, alegia, erregistratzea eskatu eta eskaria atzera bota die ministerioak 279 pisu turistikori. Hiriburuei dagokienez, ia berdinduta daude Donostia eta Bilbo. Lehenengoan 138 etxebizitza gelditu dira erregistrotik kanpo eta Bilbon bat gutxiago.

Eldiario.es hedabideak jaso duenez, urte honen hasieran jarri zuen abian erregistroa Espainiako Gobernuak. Etxebizitza turistikoek eta sasoiko alokairuko etxebizitzek erregistro zenbaki bat eduki behar dute plataforma digitaletan iragarkia jartzeko. Uztailaren 1etik aurrera derrigorra da. Hala, Etxebizitza Ministerioak azaldu du plataforma digital nagusietan 53.876 etxebizitza turistiko ilegal atzeman dituela, eta plataformei eskatu die iragarkiak kentzeko. Ministerioko eledunek adierazi dutenez, erregistratzearen helburua da etxebizitza turistiko ilegalak eta sasoiko alokairuen iruzurra azaleratzea.

Erregistratzeko, eskaria egin behar da erregistratzaileen kolegioan. Pisu horren datu nahiko ez baldin bada jasotzen edo datuek araudia ez badute betetzen, etxebizitzak ez du lortuko erregistro zenbakirik. Ministerioak, erregistratutako pisuen datuak eta plataforma digitaletakoak gurutzatzen ditu, eta horrela atzematen ditu erregistratu gabe, alegia, modu ilegalean, plataformetan iragartzen ari direnak.

Plataforma digitalek beren webguneetan argitaratutako alokairuko etxebizitzen datu guztiak helarazi behar dizkiote ministerioari, besteak beste, urtean behin helarazi behar dituzte etxebizitza turistiko bakoitzaren jarduerari buruzko datuak edo sasoiko alokairuari buruzkoak, errentatzaileek emandako erregistro zenbakia, etxebizitzaren helbidea eta eskaintza egiten den iragarkiaren web helbidea.

Airbnb plataformak adierazi du erregistratzea lortu ez dutenen artean %10ak baino gutxiagok daukala iragarkia bere plataforman. Iragarki horiek kenduko dituela esan du. Gehitu du iragarle orori jakinarazi diola erregistro zenbakia behar duela, eta urtarriletik Espainian 70.000 iragarki gehiagok betetzen dutela araudia.