argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko 33.000 etxebizitzaren balioa, hipoteken azpitik
  • Hego Euskal Herriko 33.428 familiak ezingo lukete etxea saldu eta mailegua kitatu, hala behar izanez gero. Alegia, haien hipotekek balio handiagoa dute etxebizitzek eurek baino. Kelisto.es webguneak eman ditu burbuila hipoteken inguruko datuak.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 30
Burbuila hipoteken kopuruak azken urteotan gora egin du etxebizitzen batez besteko prezioak behera egin duelako. (Argazkia: ABC)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 25.780 familia daude egoera horretan eta Nafarroan 7.648.

Burbuila hipotekek 721 milioi euroko "zuloa" eragin dute EAEn, eta 180 milioi eurokoa Nafarroan. "Zuloa" da etxebizitzaren balioaren eta ordaintzeke dagoen maileguaren arteko aldea. EAEko hipoteken %2,5 dira mota horretakoak eta Nafarroako %0,5.

Katalunian ere zulo handia

Espainiako Estatuko gainerako erkidegoei dagokienez, burbuila hipoteka gehien Katalunian (142.000) eta Madrilen (105.000) daude; baita "zulorik" handienak ere, 5.000 milioi eurokoa Katalunian, eta 3.700 milioi eurokoa Madrilen.

Burbuila hipoteken kopuruak azken urteotan gora egin du etxebizitzen batez besteko prezioak behera egin duelako. "Egun, Espainiako hipotekadunen %10 daude harrapaturik ordaintzeke dituzten maileguek baino gutxiago balio duten etxebizitzetan", diote aurrezkiari buruzko ikerketak egiten dituzten Kelisto.es webguneko kideek. Mota horretako hipotekei ihes egiteko gomendioak ere eskaini dituzte webgunean.