argia.eus
INPRIMATU
Prebalentziari buruzko ikerketaren lehen emaitzak
Hego Euskal Herrian %4,4ko immunitatea eta kutsatutakoak datu ofizialek esandakoak baino lau bider gehiago
  • Koronabirusaren prebalentziari buruzko ikerketaren lehen emaitzen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4k garatu dituzte orain artean koronabirusaren aurreko IgG antigorputzak. Carlos III. Osasun Institutuak Espainiako Gobernuarentzako garatutako ikerketan ere ikusten da koronabirusa pasatu duten guztiek ez dutela immunitatea garatu. Eta orain arte Hego Euskal Herrian kutsatutakoen kopurua 127.000 pertsonatik gorakoa dela ondorioztatzen da. Askoz gehiago, beraz, bertako administrazioek erregistratutako 25.990 kutsatuak baino.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 14a

Carlos III. Osasun Institutua Espainiako estatu mailan burutzen ari den koronabirusaren prebalentzia edo hedapenari buruzko ikerketa honek hiru olatutan aztertuko ditu laginak, eta maiatzaren 13an eman dira jakitera lehen olatuaren emaitzak. Koronabirusaren aurrean IgG antigorputzak garatu dituzten pertsona kopurua aztertzea du helburu. IgG antigorputzak garatu izanak adierazten du noizbait koronabirusa pasatu duela gorputz horrek eta gaixotasunaren aurreko immunitatea garatu duela. Lehen olatu honetan, test azkarren bidez egin dute azterketa.

Hego Euskal Herriko gizarte osora estrapolatutako datua da %4,4k IgG antigorputzak garatu dituela, eta 7.350 pertsonako laginean oinarritzen da: horietatik 2.160 laguni egin diote proba Nafarroan, 2.040 laguni Bizkaian, 1.620ri Gipuzkoan eta 1.200 pertsonari Araban.

Lurraldeka alde handia, baina talde immunitate oso baxua guztietan

Lurraldeka, Araba da talde immunitate kopuru handiena duena, gizartearen %7,2k garatu baititu IgG antigorputzak. Nafarroan herritarren %5,8k garatu ditu, Bizkaian %3,8 herritarrek eta Gipuzkoan herritarren %2,8k. Hiru lurraldeetan da talde immunitatea oso baxua, proportzio honek ez du bermerik ematen birusaren beste agerpen baten aurrean hedapenari eutsi ahal izateko, gizartearen erdiak edo gehiengo handiak antigorputzak garatuta izatetik oso urrun baitago.

Kutsatuak gehiago dira: koronabirusa pasatu duten guztiek ez dute immunitatea garatu

Ikerketa honek sarreran ematen du datu hau ere: PCR proban positibo emandakoen %87k garatu dituztela IgG antigorputzak. PCR probek adierazten dute momentu horretan nork duen COVID-19 infekzioa eta beraz, beste herritarrentzat nor den une horretan kutsakor. Fidagarritasun handiagoa dute PCR probek test azkarrek baino, eta ikerketa honen datuak adierazten du koronabirusa pasatu duten pertsona guztiek ez dutela inmunitatea garatu.

Ikerketa honen arabera, IgG inmunitatea garatu duten pertsonak Hego Euskal Herrian guztira 127.000 dira. Koronabirusa pasatu duten guztiek ez dituztenez antigorputzak garatu, are gehiago dira berez Hego Euskal Herrian gaur arte kutsatuak izan direnak. Aldiz, Hego Euskal Herriko datu ofizialek askoz kutsatu gehiago erregistratzen dituzte: ikerketa honen emaitzak plazaratu ziren egun berean, kutsatuak orain arte 25.990 izan zirela zioten.