argia.eus
INPRIMATU
Hegazti gripea behitegietara zabaltzen ari da AEBetan
  • Hegazti gripea behien ganadutegietara ari da zabaltzen AEBetan eta kezka iturri da, gutxienez pertsona bat ere kutsatu delako. Bitartean, oilategietan gripeak sorturiko kalteen ondorioz arrautzen prezioa gorantz doa etengabe.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 05a

Hegazti gripea, H5N1 izenarekin ezagutzen dena, joan etorrian ibili da 2004an zabaldu zenetik, eta orain berriz agertu da indarrez AEBetan oilategi eta antzeko tokietan. Milioika hegazti kutsatu dira eta milioika hil egin behar izan dituzte ondorioz. Hala, arrautzen prezioak gorantz egin du etengabe, eta estatubatuarren eguneroko saskia asko garestitu du horrek.

Baina hegazti gripeak are kezka handiagoa sortu du orain, hainbat estatutan, Texasen, Kansasen eta Michiganen esaterako, behiengana igaro delako gaixotasuna.

Ez da lehen aldia H5N1 virusa beste animali batzuengana igarotzen dena –itsas txakurrak, pinguinoak, hartz polarrak eta abar ere kutsatu izan ditu lehenago–, baina bai AEBetako esnetarako ganaduan atzematen dena, eta Reporterre-n irakurri dugun datu batek jartzen du oilo-ipurdia: herrialde hartan milioika behi-buru daude, 90 milioi zehazki, eta munduko ekoizle handiena da.

Nolanahi ere, adituek azaldu dute oraingoz ez dela mutaziorik egon, eta beraz, kontrolpean dutela egoera. Gainera, kutsaturiko behien esneak, pasteurizatuz gero ez duela arriskurik gogorarazi dute, baina ez da merkaturatuko badaezpada.

Pertsona bat kutsaturik

Bestalde, gutxienez pertsona bat ere kutsatu du hegazti gripearen AEBetako olde honek, virusa zuten behiekin harremanetan egon eta gero. Sintoma arinak izan ditu, hala nola konjutibitisa eta begi gorritasuna.

AEBetako osasun zerbitzuak herritarrei adi egoteko eskatu diete, sintomen aurrean jakinarazteko, baina azaldu dute gizakien arteko kutsadura oso arraroa litzatekeela.