Hedabideek zer egin dezakete bakearen alde?

  • Zein da hedabideek jokatu beharreko papera bake prozesuan? Mariano Ferrer gidari lanetan, gai horretaz mintzatu dira Iñaki Soto Garako zuzendaria, Lourdes Perez El Diario Vascoko kazetaria eta Javier Vizcaino Onda Vascakoa urriaren 11n. Mathiew Crettenand Genevako unibertsitateko ikerlariak egin du sarrera “Komunikabideak eta bake prozesua” hitzaldiarekin. Baketik elkarteak antolatuta, Donostiako Amara Plaza hotelean egin da iritzi-talkek bizitutako saioa.


2014ko urriaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Mahai-inguruko partehartzaileak; eskuinetik ezkerrera, Mathiew Crettenand, Javier Vizcaino, Lurdes Perez, Iñaki Soto eta Mariano Ferrer.

“Bat egin dezakete hedabideek bakearen alde?”. Galdera horrekin hasi du Crettenandek ekitaldia. Bake prozesuetan hedabideen rolaz egindako doktore tesitik, terrorismoaren aurkako diskurtsoa eta gatazkaren inguruko terminoak definitzeko era aipatu ditu, besteak beste.

Lehenak, sektore baten “kriminalizazioa” eta “etsaia” seinalatzen dituela esan du; eta modu berean, gatazkaren dimentsioak aurkezteko erak, zuzenean konponbiderako bere ekarpenean eragiten duela.

Informatzeaz gain, konponbidearen alde egitea

Bakearen pareko “kausa onen” defentsan, kazetariak lanbidearen irizpide formalak gainditu ditzake. Nahiko ados jarri dira hiru hizlariak hasierako ideia horretan. “Noraino” da arazoa Vizcainorentzat: "Kausa onenarengatik ere gezurrik ez esatean dago muga, kontatu nahi ez genituzkeenak gertatzean ere”.

Kazetaritzak "mundua aldatzea" espero duenean hilda dagoela esan du Perezek. Sotok, berriz, "kazetaritza politikoaren" alde egin du. Konponbideari begira, hedabideek ikuspuntu ezberdina duen jendeak osatutako pluralismoan —eta ez boto emaile anitzek osatutakoan— eragin behar dutela adierazi du, "eztabaida irakurtzea erraztuko duten ikuspuntu zabalak eskainita".

Etikaren eztabaida

Kazetariek agintzen zaien lanaz aparte, haien jardunaren izaera etikoaz eztabaidatzen duten jakin nahi izan du Ferrerrek. Vizcainoren ustez, “erredakzioetan zein gizartean normalizazioaren aldeko eztabaidak ez du publikorik”. Erruaren parte bat hedabideena dela dio Sotok, “debate politikoa estilo parrokianoan eratu eta eztabaida publikoa pobretu delako".

Perezen arabera, ordea, “jende askorentzat bakea egun bizi dugun biolentzia eza da”. Gatazka politikoak hizketa-gai bakarra izateari utzi eta hedabideek “birziklatze-ariketa” egitea begi onez ikusten du. Ez da bat etorri Soto, eta kazetaritza eraldatzailea defendatu du, “gizarte hobe baten ikusmiran”.

Berriz korapilatu dira hor hizlariak: zer da gizarte hobea? Sotoren ustez, “eztabaida-guneetan, norberak egin dezakeena eta ez besteek egin behar luketena esaten duen gizartea. Bestela, errealitatea distortsionatzen dugu”. Kultura landua eta zerbitzu publiko duinak dituena, gizarte hobea dela eta hori hedabideen eginbeharra ere badela azpimarratu du.

Bake prozesuari bultzada emango lioketen neurriak

“Ideologiatik kazetaritza ona egin daiteke, metodologia kontua da”, esan du Crettenandek. Hortik abiatuta, bake prozesuari bultzada eman diezaioketen neurriak aurkeztu ditu.

Garrantzitsutzat jo du bizi dugun garaiaren definizioan akordioa lortzea. Bestetik, kode etikoa lantzea proposatu du, editorial bateratu bati bidea zabalduz. Honekin batera, hedabide bateratua sortzea ere proposatu du, Ipar Irlandan Belfast Telegraph berripaperarekin egin zena gogora ekarriz.

Baliatu beharreko unea?

Perezek eta Vizcainok ez dute ikusten hedabideak ezohiko zerbait egin beharrean daudenik, egoerak hala eskatuta. Egunkari bateratuaren ideiari, adibidez, "aldrebeskeria" deritzo Perezek. Katalunian 2009an Estatutuaren alde sortu zen editorial bateratua jarri du adibidetzat. Sotok, bestalde, baikor baloratuko luke, “gizarteak akordio berrietara heltzeko duen arazoari" aurre hartuko liokeelako. “Hemen ikusi denez, ordea, ezinezkoa litzateke”.

Desadostasunak desadostasun, euskal gizarteak “une sinboliko indartsuak” beharko dituela uste du Crettenandek, baita hedabideen aldetik ere: “Ez dakit jazoko diren, baina desarme publikoa, Arnaldo Otegi libre uztean lehendakariak harrera egitea edo kazetarien arteko editorial bateratua, elkarbizitza eta konponbidea lagundu dezaketen keinuak dira”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude