"Hedabideek masiboki zabaltzen dute terrore sexuala"

  • Asteazken honetan, 15:15ean, 'Sexu indarkeriaren trataera komunikabideetan' hitzaldia eskaini du Nerea Barjola Ramos genero gaietan aditua den ekintzaile feministak, Anoetako udal liburutegian

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko azaroaren 22an - 11:10
(Argazkia: Iñigo Azkona / ARGIA)

Nerea Barjola Ramos (Santurtzi, 1980) feminismoetan eta genero gaietan doktorea da eta indarkeria sexualaren inguruko doktore tesia idatzi zuen. Asteazkeneko hitzaldiaren zati bat indarkeria hori komunikabideetan nola islatzen den azaltzeko baliatuko du.

Ezertan hasi aurretik, nola izendatu behar genuke azaroaren 25a?

Nik hobesten dudan terminoa indarkeria matxistaren aurkako eguna da, bere barruan biltzen dituelako indarkeria klase guztiak. Zuzenena iruditzen zait, indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean menderakuntza patriarkalean oinarritzen den ideologia baten inguruan ari garelako. Emakume bezala interpelatzen gaituen biolentziaz ari gara, eta aldi berean, heteronormatiboak ez diren identitateak dituzten pertsonak erasotzen dituen sistema oso batez. Sistema heteropatriarkalaren bazterretan kokatzen diren gorputzak erasaten dituen biolentzia da.

Zer da gaurko hitzaldian azalduko duzuna?

Batez ere, arrisku sexualaren errepresentazioaz hitz egingo dut, horrek mugatzen baitu emakumeen egunerokotasuna eta izan ditzaketen praktikak. Nik nire ibilbidean, bereziki, Alcasserreko (Valentzia, Herrialde Katalanak) krimenak aztertu ditut eta emakumeen bizitzarako transzendentala izan den narrazio politiko gisa definitu dut kasua. Hedabideek kontatu zuten moduan, emakumeen belaunaldi oso batean zauri bat eragin zuen. Abisu leziatzaile bat izan zen. Belaunaldi bakoitzak bere kontakizun propioa izaten du.

 

"Alcasserreko hilketa urtero berdin-berdin kontatzen da, morboarekin, ikuspegi feminista kritikorik gabe"

25 urte igaro dira Alcasserreko krimena gertatu zenetik. Berriz berpiztu da kontakizuna?

Urtero, azaroaren 13a gerturatu ahala, gertatutakoa orduan bezain gaizki kontatzen segitzen dute komunikabideek. Kasua eraman zuen edozein kazetariri galdetuz gero, Alcasserrekoa, fakultateetan erakutsi beharreko irakasgaia dela esango dizu, zer egin behar ez den erakusteko. Eta harrituta geratzen naiz, urtero berdin-berdin kontatzen jarraitzen dutelako, morbo berdinarekin. Kontakizun guztiak ikuspegi feminista kritikorik gabe egiten dira. Inork ez du hitz egiten gizonezkoek emakumeenganako eta euren gorputzekiko duten menderakuntzaz. Urtea joan eta urtea etorri, berdin, horrela 25 urte pasa arte. 

Urte hauetan guztietan egon al da garapenik komunikabideek gaia jorratzeko moduan?

Garapenik egotekotan, mugimendu feministari esker izan da. Kalean, protesta kanpaina masiboak egiten dira albisteen trataera desegoki bat eman izan den bakoitzeko; eta hori ia egunero eta modu jarraituan ematen da. Gero, kontrapuntua egiten duten hedabide feministak daude. Oraindik asko dago egiteko, ordea. Ez da kontua lehen baino gehiago edo gutxiago jorratzen den, indarkeria matxista kasuak oraindik gaizki ematen dituzte hedabideek. Komunikabideek, bere horretan, biolentzia matxista izaten jarraitzen dute.

Emakumeek ere ikusgarritasun gutxiago dute komunikabideetan.

Emakumeak ez gara inon eta ezertarako ateratzen, interesatzen zaienerako ez bada behintzat. Hori ere indarkeria da.

Badago, hedabideek indarkeria matxista egoki lantzeko estilo libururik?

Bilgune Feministaren materiala oso ona da. Dekalogo bat badago eskuragarri dagoena. Materiala egonagatik, hori kontsultatzeko borondatea egon behar du kazetarien aldetik, bestela jai dugu.

Aipatuko al duzu Iruñean Sanferminetan iaz izan zen erasoa?

Bai, ezinbestean. Niretzako posizio politiko-feminista bat da Sanferminetako erasoaz hitz egitea. Gaur Alcasserreko kasuaz jarriko ditudan bideoetako askok ezinbestean eramango gaituzte Iruñera. 25 urte igaro dira eta biolentzia sexualaren inguruko informazioa, orduan bezain gaizki jorratzen da. Errelato guztiek, biktima erruduntzat hartzen dute eta erasotzailea, berriz, errugabetzat. Benetan tamalgarria da eta nik hemendik 'Nik sinesten dizut' esan nahi diot emakume horri. Matxismoak hilda nahi gaitu eta biziraun nahi izatea, gure bizitzarekin jarraitu nahi izatea, heteropatriarkatuarentzat mehatxu bat da.

Zer da emakumeei transmititu nahi zaiena diskurtso horrekin?

 

"Kazetariek matematikari buruzko artikulu bat idatzi behar dutenean, normalena horretan aditua den pertsona bati deitzea da. Gauza bera gertatzen da indarkeria sexualaz hitz egiterakoan"

Alcasserrekoa edo Iruñekoa beraiei gertatzea nahi ez badute, zer egin behar duten esaten zaie emakumeei. Leziatu nahi dituzte. Sozialki eraikitzen den narrazioa da terrore sexualarena eta masiboki zabaltzen dute hedabideek. Kasu honetan, kontra errepresentazioa mugimendu feministaren esku geratzen da, eta sare sozialetako aktibista horiek egin diezaiokete aurre diskurtso hegemonikoari.

Zein gomendio luzatuko zenieke zuk komunikabideei?

Nik uste dut pertsona guztiek formazio feminista eduki behar dutela. Gero, gizarteari begiratzeko modu horrek baldintzatzen du gure praktika eta lanari aurre egiteko modua. Kazetariek, matematikari buruzko artikulu bat idatzi behar dutenean, normalena horretan aditua den pertsona bati deitzea da. Gauza bera gertatzen da indarkeria sexualaz hitz egiterakoan. Gaia ikuspegi feministatik lantzen dutenei galdetu beharko litzaieke.

Indarkeria horrela errepresentatzeak, mugimendu feministak egin dituen aurrerapenak neutralizatzen ditu?

Bai, bi indarren arteko talka da. Hedabideek ordea, indar handia dute, eta irudia darabilte. Iritzi publikoa mugitzen dute. Iruñeko kasuan, adibidez, erasotzaileekin WhatsApp taldea konpartitzen zuten 21 gizonezkoek ere inputatuta egon beharko lukete. Gutxiagogatik dago jendea kartzelan. Tamalez, gizartea matxista da eta onartu egiten du bortxaketaren apologia egitea.

Elkarrizketa hau Jon Mirandak egina da eta Tolosaldeko Atariak argitaratu du. CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude