Javier Gallego Carne Cruda irratsaioko zuzendariaren ustez Iraitz Salegiren kasua PPk estatu osoan daraman errepresio politikaren ondorio da. Info7 irratiko tertulian aritu da Iñaki Soto eta Mariano Ferrerrekin batera.
Espainiako Gobernuak aurrera atera nahi duen Mozal Legea-ren inguruan saio berezia egin dute gaur Info7 irratian eta gonbidatu izan dituzte Javier Gallego Crudo irrati esatari ezaguna, Iñaki Soto Garako zuzendaria eta Mariano Ferrer kazetaria.
Gallegoren esanetan hedabide handiek “mozal” ugari dituzte, “ez soilik finantza botereen eragina, baita gobernuek medio publikoei ezarritako kontrola ere, edo lizentzia banaketa”. Ildo horretan, esatariaren ustez herritarrek auzitan jarri dute hedabide horietatik zabaltzen den informazioa eta komunikabide digital eta independenteak dira “kazetaritzaren erregenerazio lana” egiten ari direnak.
Mariano Ferrerrek ere “mundu ultra-informatiboan irauten duten zentsura bizioak” nabarmendu ditu. Kazetari beteranoaren ustez hainbat mekanismo indarrean daude oraindik zentsura ezartzeko: “Informazioa eskuratzeko mugak, publizitatearen erabilera diskriminatzailea, autozentsura boluntarioa sustatzeko presioak, informazio blokeoak eta filtrazioak, kazetariak zelatatzea haien informazio iturriak atzemateko… –aipatu ditu Ferrerrek–. Gertatzen dena da lehen baino gutxiago ikusten dela beste modu batean egiten delako, torturarekin bezala”.
Iraitz Salegiren kasua hizpide
Ekitaldi publiko baten bideoa sareratzeagatik kartzela zigorra ezarri nahi dioten Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetariaren kasuaz mintzatu dira tertulia kideak. Gallegok argi dauka PPk estatu osoan daraman “errepresio politikaren baitan” kokatu behar dela Salegiren kontrako salaketa.
Iñaki Sotok Eloy Velasco epaileak daraman “agendarekin” lotu du auzia eta gogorarazi du bera ere inputatu egin zuela Audientzia Nazionaleko epaileak, Garan agertutako artikulu batengatik. Mariano Ferrerren iritziz “kazetariari kazetari maila kendu nahi zaio, zuzenean aktibista bihurtzeko”.