HDP eta DBP, labana turkiarraren sorbatzean

  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da bosgarrena.

DBP alderdi kurduaren buruzagiak Amed-eko egoitzan.

2018ko maiatzaren 16an - 10:08

HDP (Herrien Alderdi Demokratikoa, alderdi kurduak eta estatu mailako ezkerreko alderdiak biltzen dituen alderdia) eta DBP (Kurdistango Zonaldeen Alderdia) alderdien ordezkariekin izandako topaketek orain dela gutxi Euskal Herrian gertatutakoa gogorarazi ziguten. Ez zen kasualitatea izan. Googleko bilaketa sinple batek honako titular hauek bueltatzen dizkigu: “Turkiako Justiziak Batasunaren eredua erabiltzen du DTP alderdi kurdua legez kanpo uzteko” (bilatu El País, El Mundo, ABC, Público… egunkarietako edizioak 2009ko abenduaren 11-12an). Lagun kurduek azaldu ziguten DTP partidua legez kanpo utzi zutela ustez PKK-rekin lotura izateagatik (nola ez!), eta ondorioz DBP alderdia sortu behar izan zuten hurrengo hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Geroago, 2016an, Europako Giza Eskubideetarako Epaitegiaren sententzia heldu zen, zeinak Turkia zigortzen zuen erabaki horrengatik. Beste behin ere, beranduegi.

Alderdiaren ikurrak Amed-eko egoitzaren leihoetan.

Jardun politikoak arrisku nabaria dauka Turkiako Estatuan, behintzat AKP-ren alderdiaren politika ultranazionalistak eta islamizatzaileekin ez bada lerrokatzen. Eta segurtasun ezaren osagaia gehitu behar zaio “kontu kurduarekin” nahasten bada. Errepresio-makineria turkiarrak, estatuaren botere maila guztietan, azeleragailua zapaldu zuen 2015-2016an. Artean, PKK eta gobernuaren arteko elkarrizketak apurtu ziren, hauteskundeetan AKP-k gehiengo absolutua galdu zuen eta HDP-k arrakasta handia izan zuen, bozen %10 gaindituz. Paradoxikoki, herri kurduaren sektore progresistak Abdullah Öcalan-ek garatutako konfederalismo demokratikoaren kontzeptua (udaletan, parte-hartze zuzenean eta emakumeen protagonismoan oinarrituta) praktikara eramaten saiatzen ari ziren bitartean, erregimen turkiarraren eskaintza alkatetzak bertan behera uztea eta alkateak espetxera bidaltzea izan zen. Ankarak esku hartutako 28 udalak, ia 200 alkate kartzelaratuak eta HDP eta DBP-ko 300 tokiko buruzagi baino gehiago preso hartu zituzten. Bisitatu ditugun hiri batzuetan, non bizitza ustezko normaltasunean garatzen den (kuartel eta polizien artean bizitzea eguneroko bizitzaren errutina da…), udalak Ankarak ezarritako kontu-hartzaileek kudeatzen dituzte. Haien artean daude Amed (Bakur-ren hiriburua; 900.000 biztanle baino gehiago), Van (ia milioi erdi bat biztanle) edota Mardin (200.000 biztanle baino gehiago, non, gainera, kartzelaratutako alkatea, Februniye Akyol, Estatu osoan aukeratutako lehen emakume kristau siriarra zen). Udaletxe horietan zintzilik dauden ikur turkiar erraldoiak herri borondatearen ukazioaren etengabeko seinale dira. Momentu batez, egoera hauek ere Euskal Herrira eraman gaituzte.

Herriaren ordezkari eta buruzagi politiko lokalen kontrako errepresioaren argazkia Estatu mailako buruzagi eta diputatuen kontrako 500 epai-prozesuekin osatu behar da, haien artean Selahattin Demirtaş eta Figen Yüksekdağ HDP-ko presidenteak, 2016ko azarotik espetxean dira talde armatuarekin kolaboratzeaz eta erakunde terroristaren aldeko propaganda egiteaz akusatuta. Behin eta berriro erabilitako akusazio malgua.

                HDP alderdiaren ekitaldia Amed-eko egoitzan.

Espetxean ala kanpoan egon, mugimendu kurduarekin edo ezker turkiarrarekin erlazionatutako pertsona asko dira beren bizitza pertsonala eta profesionala baldintzatuta daukatenak, Erdogan-en erregimenaren atzaparkadek helduta. Horien artean Feride-ren kasua dugu, esate baterako. Bera izan zen lehenengo emakumea Amed-en abokatutza jardunez. Ankaran akusatu gisa epaiketa izan eta hiru egunetara afaria eta elkarrizketa partekatu ahal izan genituen berarekin. Urte batzuen ostean, beste behin ere, bista atzeratu zen. Bitartean, berak ezin du Estatutik atera eta bere mutil-lagunarekin elkartu, berak ere debekatuta baitauka Turkiako Estatura sartzea. Beste istorio pertsonal bat, Kurdistanen dauden milaka antzeko istorioen artean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude