argia.eus
INPRIMATU
Hazparneko Ttattola Gaztetxea itxi eta Hendaiako Enbata irekiko dute
  • Hazparneko Ttattola Gaztetxeak ateak itxiko ditu 2020ko urtarrilaren 31n. Arrazoia, jabeak lokala berreskuratu nahi izatea. Anartean, Enbata Gaztetxea zabalduko dute Hendaian, azaroaren 30ean.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko azaroaren 22a
Hazparneko Ttattola gaztetxea. Argazkia: Ttattola

Ttattola itxiko dietela jakin ondoren, Hazparneko gazteek "datozen bi hilabeteetan inoiz baino gogo handiagoz ariko gara" eman dute aditzera.

Ttattolak datorren urtean hemezortzi urte beteko ditu eta Gaztetxeko kideek ibilbideari amaiera ematea erabaki dute modu duin batez. Jabeak egoitza berreskuratu nahi duela jakin ondoren, "Ttattola hil da, aupa Ttattola!", lema zabaldu dute sare sozialetan.

"Jabeak lokala berreskuratu nahi du bere erabilpen pribatuarentzat”, adierazi dute gaztetxeko kideek. Beraz, ibilbidearen akabera ez da –zurrumurruek esan dutenez– belaunaldi baten amaiera. Belaunaldi berria beste lokal biziarazteko prest dago, alta bada, orainokoan ez dute Gaztetxe berria apailatzeko eraikinik aurkitu. Edonola ere, "lokalik gabe animazioak antolatzen segituko dugu", jakinarazi dute gazteek.

Iparraldeko gazte mugimendua ez dago hilik, ez horixe. Hazparneko behin-behineko etenaldia izan bitartean, Hendaiako gazteek Enbata Gaztetxea zabaldu eta biziarazi dute uztailaz geroztik.

Gaztetxe berria Caneta auzoan dago. Azaroaren 30ean eginen dute ekitaldi nagusia. Ostiralean Euskal Preso, Iheslari eta deportatu politikoaren aldeko ekitaldia eginen dute Gaztelu Zahar frontoian, 19:00an. Larunbatean, berriz, Irekiera ekitaldiaz gain, bertso bazkaria eta kontzertuak izanen dira.