argia.eus
INPRIMATU
Hauts partikulak zabaldu dira Muskizen, Petronorren izandako istripuagatik
  • “14-15 orduro petrolio hondakinak berotzen dituzte ikatz bihurtzeko. Ikatz hori oso tenperatura altuan puskatzen dute, eta koke hauts bihurtzen dute”. Horrela azaldu du Sara Ibañez Meatzaldea Bizirik talde ekologistako kideak Petronorreko koke plantan egiten den prozesua. Hauts horren partikulak airera zabaldu dira ihesaldi baten ondorioz, eta haizeak eramanda, Muskizko (Bizkaia) San Julian auzora iritsi dira.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 15
Petronor findegia.

Istripua 7:30ean gertatu da, eta Petronorrek abisua eman du Muskizko Udalaren larrialdi zerbitzuetan eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Ikuskaritzan. “Hori egiten duten lehen aldia da; orain arte bizilagunek eman dute abisua”, adierazi du Sara Ibañezek. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak isuna jarri zion 2015ean Petronorri, 2014an koke plantan izandako istripu baten berri agindutako epean ez emateagatik.

Isurketaren ondorioak erakusteko Abantoko EhBilduk zabaldutako argazkia
Isurketaren ondorioak erakusteko Abantoko EhBilduk zabaldutako argazkia.

San Julian auzoan garbiketa lanak egiten ari dira orain. “Hidrokarburoen deribatua da hauts hori. Ez da hain fina, eta bronkioetara eta bronkioloetara ailegatzen da”. Ulergaiztzat jo du Ibañezek enpresak berdin jarraitzea: “Errepideak eta autoak garbitzen dituzte, baina zer gertatzen da inguruko baratzeetan dauden urazekin, esaterako? Ezin dira garbitu, eta ezin dira jan”.

Nazkatuta dago talde ekologistako kidea: “Urtebetean hiru istripu izan ditugu, eta une oro enpresa gelditzen eta martxan jartzen ari dira mantenuagatik edo matxurengatik. Horrek lotura zuzena du istripuekin”.