Hautetsien Kontseiluak atzoko biltzar nagusian balizko lurralde elkargoak izango lituzkeen eskumenei buruzko proposamenak aurkeztu eta aho batez onartu zituen. Lurralde elkargoak izango lituzkeen konpetentziak gaika landu zituzten: euskara, kultura, mugaz gaindiko harremanak, turismoa, etxebizitza, garraioak eta garapen ekonomikoa. Alor bakoitzeko, eskumen gehiagoren edo gutxiagoren araberako hiru mailaketa aurkeztu zituzten. Ia denetan erdi mailako eskumenen proposamenek egin zuten aurrera. Aldiz, adibidez, kulturaren eta euskararen alorrean eskumen gehieneko aukeraren alde egin zuten.
Biltzarrean jende askok hartu zuen parte eta nahiz eta proposamenak aho batez onartu, bilera eztabaidatsua izan zen. Irailera bitartean lurralde elkargoaren gaia jorratzen segiko dutela adierazi du Hautetsien Kontseiluak eta udazkenean nahi dute Ipar Euskal Herriarentzako egituraketa proposamena adostu. Udazkenean, Frantziako Gobernuari eskakizuna egiteko bi moduen artean aukeratu beharko dute: lege proiektu bihurtuz edo lege proposamen moduan aurkeztuz.
Informazio gehiago:
Euskarak bizirauteko Lurralde Elkargoa behar du, Garapen Kontseiluak dioenez (2012-06-28)
Ipar Euskal Herriaren aitortzaren "blokatze politikoa" salatzeko errepideak okupatuko ditu Batera plataformak (2012-02-02)
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]