argia.eus
INPRIMATU
Hauteslekuen %73 zabalik daudela dio Generalitateak
  • Erreferendum egunaren goizean, hauteslekuen %73 zabalik daudela adierazi du Jordi Turull Generalitateko bozeramaleak, hedabideen aurreko agerraldi labur batean. Hala ere, bozketarako sistema informatikoa eraso ugari jasaten ari dela gaineratu du kontseilariak, eta pazientzia eskatu die herritarrei. Era berean, egun osoan izandako jarreragatik zoriondu ditu.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 1
Jordi Turull, Generalitateko bozeramalea.

Generalitatearen izenean, Turullek Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariaren berehalako dimisioa eskatu du, Kataluniako leku askotan herritarrak jasaten ari diren errepresioa babesteagatik. Era berean, nazioarteari dei egin dio, jazotzen ari denaz ohartarazteko. "Hau ez da Espainiaren arazoa, hau Europar Batasun osoaren arazoa da, eta gu ere europarrak gara", adierazi du.

Kazetari baten galderari erantzunez, bozeramaleak esan du "beti merezi du demokrazia defendatzea, estatuaren bortizkeriaren aurrean amore ematea ez".