Des-zentsu elektorala izeneko kanpaina jarri dute martxan. Hauteskunde sistemaren aurka dauden hainbat pertsonak abiarazi dute egitasmoa ez dutelako ongi ikusten hautesle erroldan derrigorrez egon beharra eta lau urtetik behin bozkatzea.
Ekimenaren bultzatzaile Antonio Escalantek azaldu duenez, “eskatzen duguna da gure izena hautesle erroldetatik kentzea, eta desobedientziaren bidea proposatzen dugu, hauteslekuetako mahaietan parte hartzeko derrigortasuna gainditu arte”. Desobedientzia zibilarekin “inposizioa” gainditzea lortu nahi dute.
Gogorarazi dutenez, hauteskunde mahaia egokitu eta uko eginez gero, kartzela zigorra edo isun ekonomikoa jasotzeko arriskua dago.
2014. urteko Europako Hauteskundeetan bi gasteiztarrek desobedientziaren bideari ekin zioten eta orain, jende gehiagoren babesa lortu dutela azaldu dute.