argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunderik gabe ezarritako hirugarren lehen ministroa izango du Italiak
  • Azken bi lehen ministro italiarrak ez dira hauteslekuetan hautatuak izan eta Partidu demokratikoko lider berria den Matteo Renzi bide beretik doa. Italiako presidenteak gobernu berria osatzeko eskatu dio gaur Renziri.

Ane Lusarreta 2014ko otsailaren 17a
Matteo Renzi Florentziako alkateak estrategia arriskutsua eraman du aurrera, baina Gobernuko presidentea presionatuta boterera iristear da. (Argazkia: Massimo Sestini)

Duela hamar hilabetetik lehen ministro zen Enrico Lettak, joan den astean aurkeztuko zion dimisioa Giorgio Napolitano estatuko presidenteari.

Ezegonkortasun politikoko garaiotan, Mateo Renzi izan da Gobernu krisia probokatu eta lehen ministroak kargua uztea eragin duena.

Zuzenean eskatu zion dimisioa Florentziako alkate ere baden Renzik eta hasiera batean lehen ministroak onartu ez bazuen ere, alderdiaren zuzendaritzak gobernuko presidentzia uztera behartu zuen 154 bototik 136 aurkakorekin zigortuta.

Italiako aste gorabeheratsua egunez egun

Igandea 9: Matteo Renzik bi egunkari italiar esanguratsutan eginiko elkarrizketetan lehen ministroari bere gobernuaren etorkizuna argi zezan exijitu zion.

Astelehena 10: Renzik eta Napolitano estatuko presidenteak bilera egin zuten.

Asteartea 11: Letta eta Napolitanok beste bilera bat egin ostean, gobernuko presidenteak koalizio ituna iragarri zuen.

Asteazkena 12: Renzi eta Lettak alderdiaren noranzkoa zehazteko bilkura egin zuten. Lettak dimisioa ukatu eta 2014rako “Italiarekin Konpromisoa” programa aurkeztu zuen.

Osteguna 13: Matteo Renzik publikoki, hedabideen aurrean, Enrico Lettaren dimisioa eskatu zuen. Alderdi Demokratak Renziri eman zion babesa, nabarmen.

Ostirala 14: Napolitanok lehen ministro aldaketari buruz galdetu zien Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei.

Astelehena 17: Napolitanok Renziri gobernu berria osatzeko eskatu dio.