argia.eus
INPRIMATU
Hautagaitza bateratuaren aldeko deia Nafarroan
  • Nafarroako hainbat pertsona ezagunek udazkeneko hauteskunde orokorretarako aldaketaren aldeko hautagaitza bateratua proposatu dute. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 07a
Nafarroako alor ugaritako pertsonek egin dute bat hautagaitza bateratuaren proposamenarekin (argazkia: ahotsa.info)

Alor ugaritako pertsonak dira hautagaitza bateratuaren alde egin dutenak: Juan Carlos Longas, Paz Frances eta Alejandro Arizkun irakasleak, Irati Jimenez idazlea, Txabi Idoate marrazkilaria, Julio Soto bertsolaria, edota Fernando Biurrun, Xabier Barber, Rosika Iriarte, Gabriel Rodriguez eta Begoña Zabala sindikalistak, besteak beste.

Proposamenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, Nafarroako Parlamentuan nahiz Udal askotan pentsamendu anitzen arteko akordioak lortu direla ikusita, posible da “anbizio handiagoko” helburua planteatzea Espainiako Estatuko hauteskunde orokorretarako.

Hiru puntutan oinarritu dute zerrenda bateratua, eta horiekin bat egiten dutenentzat zabalik egongo dela adierazi dute, inor kanpoan utzi gabe.

Lehen puntuan, aldaketa sozialaren beharra azpimarratu dute, “politika publikoetan eta jarrera sozialetan erroko aldaketa eginez, eta austeritate politikarekin amaituz”.

Bigarrenean, Espainiako Estatuan prozesu demokratikoa abian jartzeko beharra azpimarratu dute. Erreforma konstituzional eta estatutarioetatik haratago, prozesu konstituitzaileen alde egin, eta Nafarroako herritarren erabakitzeko ahalmena onartzeko eskatu dute.

Azkenik, Euskal Herrian abian den bake prozesua sendotzearen eta normalizazio politikoaren alde azaldu dira bultzatzaileak, eta askatasuna murrizten duten legeen aurka, Mozal Legea kasu.