argia.eus
INPRIMATU
Haurreskolak Partzuergoko grebak %65eko jarraipena izan du, sindikatuen datuen arabera
  • Urtarrilaren 25ean greba egin zuten Haurreskolak Partzuergoko langileek, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta. "EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi eta % 65eko jarraipena izan du grebak", sindikatuek adierazi dutenez. Greba eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 26a

Sindikatuek eskatu dute Haurreskolak Partzuergoak doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea, eta Hezkuntza sailean integratu dadila. Modu horretan lortu nahi dute "0-3 hezkuntza-zikloaren garrantzia" aitortzea eta "jaiotzatik hezkuntza-eskubidea". 

Horrez gain, beste hobekuntza hauek ere eskatu dituzte grebaren bidez: Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea eta aurrekontua handitzea.

Hurrengo greba eta mobilizazioak

Asteazken honetan bertan deitu dute hurrengo greba, urtarrilaren 27an. Egun horretan mobilizazioa egingo dute Lakuako atarian, 11:30etan. Sindikatuek zera iragarri dute: "Egoera konpondu ezean, greba eta mobilizazioekin jarraituko dugu otsailaren 22, 23 eta 24an".