Haurren Lagunen Hirien ekimena aurkeztu die Unicefek udalei, pandemiari aurre egiteko hartutako neurrietan haurren eta nerabeen eskubideak kontuan hartu ditzaten. Ekimenaren helburua haurren eskubideak bermatzea da, eta ezarritako neurriek beren etorkizuna ez baldintzatzea.
Udalak “haurren ingurune hurbilena diren heinean, funtsezko eragile” direla ondorioztatu du Unicefek, eta beraiek kontuan hartzen dituzten neurriak martxan jarri behar dituztela adierazi die: “Bereziki kalteberatasun handiena dutenak babesteko”. Hori horrela, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea, hezkuntza-errefortzua, elikadura edo parte-hartzearen sustapena bultzatu behar dutela adierazi die udalei.
Haurrei informazioa emateko kanalak zabaltzeko proposatu die, telefono-linea zuzena ezarriz; laguntza psikosoziala, telefonoz zein aurrez aurre; beren osasun mentala zaintzeko jarraibideak ematea, besteak beste. Horrez gain, talde ahulenek jasotzen dituzten prestazioak mantentzen direla bermatzeko eskatu die.
Haur eta nerabeen parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Unicefek. Udalak parte hartze hori bultzatu behar duela adierazi du, partaidetza-mekanismoak erabiliz; gutunak, inkestak, bideo-materialak, eta abar erabiltzea ere proposatu du. Eskolei, gurasoei edota zaintzaileei laguntzeko ere proposatu du, eta hezkuntzan bere martxa jarrai dezaten laguntzak indartzea.