argia.eus
INPRIMATU
Haurrek hobeto ikasten dute irakurtzen eta idazten eskuz idatzita trebatzen badira
  • EHUren ikerketa batean, haur batzuk arkatza eta beste batzuk teklatua erabilita jarri dituzte idazten. Helburua zen jakitea ea irakurtzeko eta idazteko ikasketa-prozesuan alderik badagoen. Emaitza argia atera dute: haurrek eskuarekin egindako mugimenduen bidez ikasten dute hoberen.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 16a
Eskuz ordenagailuz trebatuta baino hobeto ikasten dute haurrek irakurtzen eta idazten.

Joana Acha EHUko ikertzaileak gidatu du ikerketa eta gomendio argia eman du emaitzak ikusita: irakurtzen eta idazten ikasteko eskuzko praktikak lehenetsi behar dira. Achak grafomotrizitateak duen garrantziari erreparatu nahi izan dio, alegia, irakurtzerakoan eta idazterakoan eskua asko edo gutxi mugitzeak nolako eragina duen aztertu nahi izan du. Gaur egun hainbat ikastetxetan irakurtzen eta idazten ikasteko baliabide informatikoak erabiltzen dituzte. Ordenagailuaren teklatua erabiltzen denean, hizkiaren forma ez da trazatzen eta, beraz, grafomotrizitatea baxua da. Eskuz, berriz, mugimendua handia da. Achak ondorioztatu du eskuarekin egindako mugimenduen bidez hobeto ikasi dutela ikerketan parte hartu duten haurrek.

5 eta 6 urteko 50 haur hartu dituzte, hain zuzen ere adin horretan hasten direlako irakurtzen eta idazten ikasten. Alfabeto georgiarreko eta armeniarreko bederatzi hizki, eta horiek konbinatuz asmatutako hamasei sasihitz irakatsi dizkiete. Erdiei eskuz egitea eskatu diete eta beste erdiak teklatuaren aurrean jarri dituzte. Hizkiak eta hitzak irakatsi ondoren, horiek identifikatzeko, idazteko eta ahoskatzeko gaitasuna neurtu dute. Talde batekoen eta bestekoen arteko alde handienak sasihitzetan antzeman dituzte; ordenagailuz ikasi duten ia guztiek hizkien sekuentziei lotutako ariketak gaizki egin dituzte.

Beste aldagai bat ere erabili dute ikerketan. Eskuz aritu direnen artean bi talde egin dituzte. Batzuk orri zurian aritu dira idazten, eta besteek berriz, markatutako gidak eduki dituzte haien gainean hizkiak idazten laguntzeko. Ordenagailuan aritu diren umeen artean ere bi talde egin dituzte. Batzuek beti tipografia bera erabili dute eta beste taldekoei tipografia bat baino gehiago erabilarazi diete. Arkatzez aritu direnek ordenagailuarekin aritu direnek baino emaitza hobeak lortu dituzte, eta orri zurian, libre, idatzi dutenek hobeto ikasi dute markatutako gidak erabili dituztenek baino.