argia.eus
INPRIMATU
“Haurrari ipuina irakurtzen diona hitz eta pitz irudikatzen dugu, baina entzuten ere trebatu behar du bitartekariak”
  • Irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko eta haur eta gazte literaturan bitartekari diren hezitzaileak trebatzeko ikastaroa antolatu du Galtzagorri elkarteak. Heziketa literarioaren gakoez eta irakurzaletasunarekiko grina pizteko formulaz galdetu diogu Galtzagorriko Miriam Lukiri.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko azaroaren 16a
“Amona zure Iholdi\" libururako Asun Balzolak egindako marrazkia. Irudia: Wikipdedia

Irakurketak eskoletan duen lekua hobetzea da ikastaroaren helburuetako bat eta zentzu horretan gabeziarik antzematen al duten galdetu diogu Miriam Lukiri. “Badago, bai, eta horren adierazle esanguratsua da eskola-liburutegi asko eta asko desagertu egin direla, edota Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara pasa eta liburuak desagertzen joaten direla ikasgela ugaritan. Guk liburutegi ibiltariak eramaten ditugu eskola txikietara. Faktore gehiago ere badaude, maisu-maistrek maiz ez dute astirik, esaterako”.

"Esanguratsua da eskola-liburutegi asko desagertu egin direla, edota Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara pasa eta liburuak desagertzen joaten direla ikasgela ugaritan"

Irakasleak, baina oro har haur eta gazte literaturaren bueltan dabiltzan sortzaileak, ilustratzaileak, ipuin-kontalariak, gurasoak, liburuzainak (“liburuak nola kokatu oso inportantea da, adibidez”) formatzea da ikastaroaren beste helburuetako bat, Lukik azpimarratu digunez haur eta gazte literaturak ezaugarri bereizgarri bat duelako: haurrak bitartekari bat behar du bera eta liburuaren artean. “Irakurzaletasunaz asko hitz egin izan da, baina urrats bat aurrera egin eta heziketa literarioaz hitz egiten dugu gaur egun. Heziketa literarioa kontzeptu zabalagoa da eta liburuaren ezaugarri guztiak hartzen ditu kontuan, tamaina bera esaterako (eskailera batzuen istorioa kontatzen duen liburua zergatik da lauki luzea?). Heziketa literarioak egiten dio erreferentzia galbaheari, irizpideak jartzen laguntzen duelako, eta literaturan gehien argitaratzen den esparrua haur eta gazteei zuzendutakoa izanik, inportantea da jakitea bereizten kalitatea duten eta ez duten obren artean. Horretarako gakoak ematen ditugu ikastaroan. Hitzezko eta irudi bidezko alfabetizazioari ere lotuta dago heziketa literarioa, iruditzen zaigulako pantailetara ohituta daudelarik alfabetizazio bisual aurreratua dutela haurrek, baina irudi superabita dute, pantailan oso azkar pasatzen diren irudi superabita, eta irudiak ongi irakurtzeko denbora hartzea beharrezkoa da hainbatetan, gainera aintzat hartuz ilustrazioak pisu handia hartu duela haur eta gazte literaturan, hitzek eta irudiek elkar elikatzen dutela”.

“Kontaketan une bat egon daiteke, pauso bat atzera emateko”

“Bitartekaria irudikatu ohi dugu hitz eta pitz, haurrari ipuina xehe-xehe kontatzen, baina bitartekariak entzuten ere trebatu behar du, haurrarengandik jasotzen, irakurketak eta irudiek haurrari zer iradokitzen dioten galdetzen eta entzuten. Kontaketan, une bat egon daiteke, pauso bat atzera eman eta haurrari entzuteko, ea zer dioen”.

"Idazketa eta irakurketa elkarri lotuta daude eta sormenetik tiratzea amu ona izan daiteke irakurtzeko grina pizteko, ‘irakurri, irakurri’ esaten ohituta baikaude, eta gutxiagotan diogu ‘idatzi’"

Amaitzeko, nola ez, formula magikoarengatik galdetu diogu Galtzagorriko kideari: nola sustatu irakurzaletasunarekiko grina? “Ez dakit, eta inork ez dakiela esango nuke, baina ikastaroan Mariasun Landak aldarrikapen oso indartsua egiten du: haur eta gazteei irakurtzeko bakarrik eskatu beharrean, eman baita ere sortzeko eta idazteko; idatzi edo sortu dezatela ipuin bat, gero gelaren aurrean sorturikoa irakurtzeak edo ikaskideak idatzi duena irakurtzeak beste dimentsio bat hartzen baitu… Idazketa eta irakurketa elkarri lotuta daude eta sormenetik tiratzea amu ona izan daiteke irakurtzeko grina pizteko, ‘irakurri, irakurri’ esaten ohituta baikaude, eta gutxiagotan diogu ‘sortu’”.

Bost bloketan banatutako ikastaroa

Ikastaroa urtarrilaren 11n abiatuko da Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean eta bost bloke izango ditu: Haur eta Gazte Literatura: sarrera, definizioa, historia eta egungo egoera (irakasleak: Xabier Etxaniz Erle, Garazi Arrula, Juan Carlos Alonso), Irakurketa literarioaren testuinguruak: gizarte elebidunean irakurtzea eta irakurketaren lekua ikastetxean (Paula Kasares, Ibon Egaña, Mikel Ayerbe), Ahozko generoak: poesia eta antzerkia (Yolanda Arrieta, Juan Kruz Igerabide, Intza Alkain), Genero narratiboak (Mireia Delgado, Mariasun Landa), Genero ikonografikoak: albuma, ilustrazioa eta komikia (Karla Fernandez de Gamboa, Amaia Hennebutte, Amaia Serrano, Maite Gurrutxaga).

Aurre-matrikula egiteko epea zabalik egongo da abenduaren 2ra arte eta lotura honetan aurkituko duzue izena emateko informazioa.