6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian. “Kostatu da, baina herriak irabazi du”, adierazi diote ARGIAri Liburutegia Denontzat taldetik.
Datorren astelehenetik aurrera, haurrek helduen gisan erabili ahal izango dute liburutegia (liburutegiak berak haurrentzat propio duen espazioan, haur eta gazte liburutegian): alegia, zabalik dagoen edozein unetan egon ahal izango dute (6 urtez azpikoek liburutegian ordubete egoteko aukera baino ez zuten egunean, eta 15 urtera arte ordu murrizketak zituzten). 0-2 urteko umeek ezin zuten egon orain arte liburutegian, ezin zuten liburutegiko txartela atera, hori ere aldatu egingo da: pertsona guztiek eskatu ahal izango dute liburutegiko txartela.
Alazne Txurruka Debako alkateak honela arrazoitu du: “Kasu honek eragin dituen diskriminazio zantzuen aurrean, gure lehentasun nagusia izan da diskriminazio hori ezabatzea”. Hain justu, ARGIAk Irati Aizpurua abokatuari egindako elkarrizketan abokatuak nabarmendu zuen haurrenganako “diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak” erakusten zituela Debako liburutegiko jardunak.
Irati Aizpurua abokatuak nabarmendu zuen haurrenganako “diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak” erakusten zituela Debako liburutegiko jardunak
ARGIAk jarraipena egin dio gai honi eta haurrek orain arte jasan duten diskriminazio horien nondik norakoak sakon jorratu genituen Liburutegia Denontzat ama taldeari egindako elkarrizketan. Udal gobernutik egoera justifikatu zuten liburutegian espazio falta argudiatuz. Orain, ordea, bestelakoa da jarrera: Liburutegia Denontzat taldeak planteaturiko kezkei “irtenbiderik onena emateko” lana “etengabe” egin duela dio udal gobernuak, jarrera irekia izan duela uneoro, eta haurren ordutegia zabaltzea erabaki du.
Hala, hogei urte baino gehiagoz luzatu den diskriminazioa amaitu da. “Kostatu da –adierazi dio ARGIAri Itsaso Aramendi Liburutegia Denontzat taldeko kideak–, guk bi urte inguruko borroka daramagu horretan, baina herriak irabazi du. Hemendik aurrera ez da diskriminaziorik egongo, denok izango ditugu liburutegia erabiltzeko eskubide berak, eta pozgarria da”.