argia.eus
INPRIMATU
Haurdunek ospitaleko hitzorduetara lagunduta joan ahal izatea aldarrikatu dute
  • Pandemiak 18 hilabete baino gehiago egin dituenean, ospitale askotako protokoloa ez dutela aldatu eta haurdun dauden emakumeek hitzorduetara bakarrik joan behar dutela salatu du Haurdunaldia Gurea Da elkarteak. Espainiako Estatuko erkidego guztietan identifikatu dituzte laguntzailearekin joatea debekatzen duten ospitaleak, tartean Hego Euskal Herrian.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 14a

Protokoloa berrikusteko eskatu die elkarteak erkidego guztietako Osasun sailei. “Garaiotan, beharrezkoa ez den jardunbidea da, larria eta ankerra osasun sistemaren aldetik”, salatu dute. Munduko Osasun Erakundeak berak, halako osasun hitzorduetara lagunduta joatea pazientearen eskubidea dela argudiatua du eta elkarteak gaineratu du une hain berezian laguntzailerik gabe egon behar izateak hainbat emakumerentzat babesgabetasuna eta zaurgarritasuna suposatu dezakeela.

Bilbon bizi den eta elkarteko kide den Aranzazu Villarren arabera, biolentzia obstetrikoaren markoan kokatu daiteke afera, El Salton jaso dutenez. Agerkariko artikuluan diotenez, hainbat lekutan erantzun positiboa izan du eskaerak eta ospitale batzuetan ari dira dagoeneko protokoloa berritzen. Espainiako Osasun eta Berdintasun Ministeriora ere luzatu dute kexua, baina ez dute oraingoz erantzunik jaso.