argia.eus
INPRIMATU
Haurdun egoteagatik kaleratutako emakumearen alde ebatzi du EAEko Auzitegi Gorenak
  • Palacio de Elorriaga hotelak langile bat haurdun egoteagatik kaleratu zuela salatu zuen pasa den urtarrilean LAB sindikatuak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko ekainaren 14a
Palacio de Elorriaga hotelaren aurrean egindako protesta bat. Argazkia: LAB sindikatua.

Iragan urtarrilean, Arabako hiru enpresatan gertatutako sexu jazarpena zein diskriminazio kasuak salatu zituen LAB sindikatuak. Haien artean, Palacio de Elorriaga hotelean haurdun egoteagatik emakume bat kaleratu zutela adierazi zuen sindikatuak. Bada, epaitegietara eraman zuten salaketa, eta EAEko Auzitegi Gorenak emakumearen alde egin du. "Epaiak arrazoia eman digu, lagun horrek ez zukeen inoiz kaleratua izan behar", esan du LABek.

Beste bi kasutan, ordea, diskriminazio egoerak bere horretan mantendu dira. Azaroaren 2an, Arabako Foru Aldundiko azpikontrata batean gizon batek emakume lankide bati sexu erasoa egiten saiatu zela salatu zuen sindikatuak. Epaitegiek gizona "derrigortze arinagatik" zigortu zuten eta urruntze agindu bat ere ezarri zioten. Alta, ustezko erasotzaileak errekurtsoa aurkeztu zuen eta orain absolbitu egin dute eta urruntze agindua ere kendu egin diote. Bigarren kasua Transportes Barreira enpresan jazo zela salatu zuen LABek urte hasieran. Hainbat hilabetetan, enpresaren konplizitatearekin, sexu jazarpena egin zioten lankideek emakume bati. "Hori gutxi balitz, langileak salatutako erasotzaile horietako bat arrisku psikosozialen prebentzio plana osatzeko izendatu du enpresak". Salaketa Lan Ikuskaritzaren eskuetan dago urtarriletik eta, bitartean, langilea oraindik laneko bajan dago".

Hala ere, horrelako egoerak salatzeak duen garrantzia nabarmendu du sindikatuak, uste baitu lan munduan indarkeria matxista gertatzen denean zailagoa dela salaketa egitea; "botere harremanak, harreman hierarkikoak, gure hitza zalantzan jartzea zein enplegua galtzeko arriskua eta mehatxua atzean baitaude". Salaketarekin batera, horrelako diskriminazio egoerak gertatzen direnean elkarren laguntza, antolakuntza eta elkartasuna ere ezinbestekoak direla nabarmendu du LABek.