Palestinan gertatzen ari denarekiko haurrak ekidistantzian heztea ezinezko bihurtu da ikastetxe (eta etxe) gero eta gehiagotan. Adinaren arabera zer eta nola kontatu konplexua izan badaiteke ere, giza eskubideak, heriotza, injustizia… mintzagai dira ikasgela gero eta gehiagotan: “Ezin diegu umeei genozidioa ez aipatu”.
8-9 urteko haurrei Palestinaren aurkako sarraskiaz ea zerbait ote zekiten galdetu zien Lesakako Irain ikastetxeko Iñigo Larrazabal irakasleak, eta batzuek gehiago, bestek gutxiago, denek zuten zerbait entzuna, “ezagunak zituzten bandera palestinarrak, Vuelta aipatu zuten, bonbak…”. Gerraz hitz egiten hasi ziren umeak, eta gerra eta genozidioaren arteko aldea azaldu zuen Larrazabalek. Gaia haurrekin jorratzeko, bideoren bat ipintzea pentsatu zuen, “baina irudiak oso gogorrak dira, eta zalantzak izan nituen jarri ez jarri, azken finean haur txikiak dira oraindik, baina aldi berean gertatzen ari den errealitate bat da, ezin diegu umeei genozidioa ez aipatu”. Azkenean, bi bideo motz ikusi zituzten: batean ume palestinar bat ageri da irina eskatzen, eta bestean gose diren agure batzuk; “aitzakia eman zigun hitz egiteko Palestinan bizi duten goseteaz, eta azaltzeko bonbekin bakarrik ez, gosez ere akabatzen ari direla jendea”.
"Ume pare batek negar egin zuten, eta galderak ere planteatu zituzten: zergatik ez ditu Poliziak israeldarrak atxilotzen?"
Erreakzioak? “Ume pare batek negar egin zuten, eta lasai asko egiteko eta sentitzen dutena azaleratzeko esan nien”. Galderak ere planteatu zituzten: Zergatik ez ditu Poliziak israeldarrak atxilotzen? Zergatik ez da ezer egiten? Noiz bukatuko da? "Funtsean, haurrek, ‘injustizia’ hitza esplizitatu gabe, baina injustizia bezala bizi dute gertatzen ari dena, hala barneratu dute". Eta bitxikeria bat: eztabaidaren ondorengo jolas librean, plastilinarekin aritu ziren ume batzuek palestinar bandera egin zuten.
Nerabeekin, kolonoez eta sionismoaz
Iruñeko Iturrama institutuan, Iturrama Solidarioa proiektuaren baitan Sahara eta Palestinako auziak lantzen dituzte urtero, 14-15 urteko gazteekin. Irati Agirre irakasleak kontatu digunez, ikasgai ezberdinetan lantzen da, adibidez argazkilaritzan (Iruñeko ikasleen euren eguneroko bizitza eta Palestinako gazteena irudikatzen eta konparatzen dute, muntaketa bidez, eta gero erakusketa egiten dute ikastetxean) edota ingelesean (Palestinaren inguruko berriak landuta). “Gizarte mintegitik mintzatzen gara Israel-Palestina auziko garapen historikoaz, kolonoez, sionismoaz, semita izateaz, holokaustoa erabiltzeaz gaur egungo ekintza batzuk justifikatzeko… Testuingurua eta kontzeptuak lantzen ditugu, eta afera hobeto ulertzeko eta beren gogoeta egiteko balio die ikasleei”.
"14-15 urteko ikasleek ez dute ulertzen Gaza bezalako eremu bat existitzea, kartzela bailitzan"
DBH3ko ikasleen erreakzioak? “Gaiarekiko interes handia izan ohi dute, ziurrenik albistegietan-eta oso presente dagoelako, eta galdera ugari egiten dituzte; esaterako, ez dute ulertzen Gaza bezalako eremu bat existitzea, kartzela bailitzan”. Astero patio garaian elkarretaratzea egitea ere dute helburu, genozidioa salatzeko. Azken finean, Palestinaz hitz egiteko konpromisoa eta inplikazioa bere egin dute Iturramako irakasleek.
Egoeraren larritasunak eta hartu duen presentzia mediatiko eta sozialak eraginda, gero eta eskola eta etxe gehiagotan heldu diote gaiari, ez baitira gutxi dagoeneko galdezka hasi diren haur eta gazteak. Batez ere txikienekin, beti ez da erraza zer eta zenbateraino kontatu eta azaldu, baina umeak babestu nahian sarraskia eta sufrimendua tabu bihurtzea baino hezigarriagoa da haurraren heldutasunaren arabera egokitutako kontakizuna egitea, diote adituek.
Gure haurrak ere badira ekimenetik hainbat ekintza proposatzen dituzte, ikastetxeetan aurrera eramateko eta genozidioaren inguruko kontzientzia hartu eta salaketa hedatzeko. Hezitzaile askok ere garbi du: balioetan heztea da hezkuntzaren arduretako bat, baita gogoeta kritikorako haur eta gazteei testuingurua eta erremintak ematea ere. Injustizien aurka hezi behar du eskolak, eta are, eskolatik egin daitezkeen kanpaina eta ekintzetan parte hartu behar dute ikasleek, diote Palestinaren aurkako genozidioa ikasgelara eraman duten hezitzaileek.
Umeak babestu nahian sarraskia eta sufrimendua tabu bihurtzea baino hezigarriagoa da haurraren heldutasunaren arabera egokitutako kontakizuna egitea
Palestinaz hitz egitea, debekatuta
Arestian idatzitako guztiaren beste muturrean, Danimarkako 13-15 urteko ikasleek bi urtean behin egin ohi dituzten debate famatuetan Palestinako Estatuaren errekonozimenduaren inguruan eztabaidatzea debekatu du herrialdeko Parlamentuak, “gai konplexu eta sentibera” dela argudiatuta.
Madrilgo erkidegoan berriz, Isabel Díaz Ayusoren gobernutik agindua jaso dute hamar ikastetxek, Palestinari lotutako ekintzak bertan behera utzi ditzaten. Horren aurrean, ehun bat guraso elkartek adierazpen askatasunaren eta giza eskubideen aldeko hezkuntza aldarrikatu dute.