Bosgarren edizioa ospatuko dute ostiral eta larunbat honetan. Gaur eskolen eta profesionalen eguna izanen da eta publiko zabalagoari irekiko dizkiete ateak bihar. Euskara hutsezko azoka horren baitan, hamahiru euskal argitaletxe eta 60 bat animazio topatuko ditu bertaratzen den bisitariak.
Milaz gora ume batuko dira Saran, euskarazko haur eta gazte literatura lehen lerroan jartzen duen Ikusi Mikusi festibalaren baitan. Euskal Herriko txoko ezberdinetako eskolek jarrita dute hitzordua gaurko Lapurdiko herrian eta batuko dira beste behin, euskara hutsezko literatura hurbiletik gozatzeko. Larunbatarekin, giro berean segituko du festibalak, baina guztiei irekia izanen da, eta familia giroan, bakarrik zein lagun artean, dozenaka bisitari bertaratuko zaizkie aurten ere. Azoka bat izanik, orotara hamahiru euskal argitaletxe topatuko dira bertan, baita horrez gain, 60 bat animazio ezberdin ere.
Bosgarren edizioa izanen da aurtengoa eta hastapeneko helburuari segi doaz aitzina: euskaraz egiten den haur eta gazteen literaturen inguruan Euskal Herri osoko jendea biltzea. Literatura oinarri, aukera eta proposamen asko eskainiko dituzte: ikuskizunak, tailerrak, animazioak, idazle zein ilustratzaileekin topaketak, hitzaldiak baita topaketa profesionalak ere. Hemen topatuko duzue egitarau zehatza. Hitzordu batzuk aipatzearren, Adur Larrea marrazkilariak bideratuko du Marrazten ahal da denbora? marrazki tailerra; Gorputzak libre tailerra eskainiko du Alabena konpainiako Arantxa Lannes dantzariak; Pontx pailazo ezaguna ere hor izanen da; Kax kax... atea joka ikuskizuna emanen du Iñaki Carreterok eta Berdinki Zirkua-ko artistek ere Mikra ikusgarria eta Nanoua konpainiakoek Kutxetan ibilki ikusgarri poetikoa plazaratuko dute.
Forma ibiltaria du festibalak eta hitzorduz hitzordu Sara herri osoa zeharkatzen dute bisitariek. Bidean, euskaraz idatzitako liburuan dituzte, eskura, nahi izanez gero irakurtzeko pausa bat egin.