argia.eus
INPRIMATU
Haur eskoletako euskara eskaintza murriztuko du Iruñeko Udalak
  • Udal gobernuak bi haur eskola euskarazko eredutik gaztelerakora pasatuko ditu, eta hirugarren batean gaztelera eta ingelesezko eredurako plazak eskainiko ditu. Aldaketa “progresiboki” egingo dute, hiru urtean. PSNk babesa eman dio erabakiari, eta EH Bilduk Navarra Sumaren “euskarafobia” salatu du.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 27a
Euskarazko Haur Eskolen aldeko mobilizazio bat. Argazkia: sustatu.eus.

Iruñeko alkate Enrique Mayak eta Hezkuntza zinegotzi Fernando Sesmak iragarri dute neurria. Donibaneko eta Printzearen Harresiko haur eskolak gaztelerako eredura pasatuko ditu, eta Goiz Ederren gaztelania eta ingeleseko plazak sartuko ditu. Aldaketa “progresiboki” egingo dute, hiru urtean.

Aldaketa “epaitegien ebazpenak betez” egingo dutela azaldu dute. 2016an EH Bilduren udal gobernuak haur eskoletako euskarazko eskaintza handitzea erabaki zuen. Guraso talde batek salaketa jarri zuen Nafarroako epaitegietan, eta epaitegiak arrazoia eman zien 2017ko otsailean. EH Bilduren gobernuak helegiteak aurkeztu zituen erabakiaren aurka, eta ebatzi gabe daude horiek. Mayak adierazi du helegite horiek “maniobra luzagarriak” besterik ez direla.

“Politikoa” Vs. “normala”

Joseba Asironen udal gobernuak euskara eskaintza handitzeko hartu zuen neurria “ilegala, etikarik gabea eta politikoa” izan zela salatu dute Navarra Sumako ordezkariek. Euskara murriztuz, aldiz, haur eskolak “normaltasunera” itzuliko dituztela adierazi dute. Mayak eta Sesmak iragarri dute ikerketa bat agindu dutela gurasoen eskaria “egiazki” zein den ezagutzeko eta eskaintza horretara egokitzeko. “Hemendik aurrera familiek desio dutena egiten ahalko dute, aukeratzeko askatasunez eta inposiziorik gabe”. Gaur egun Iruñeko Udalak 11 haur eskola ditu. Gaur jakinarazitako moldaketak gauzatuz gero, bitan soilik egongo da euskaraz ikasteko aukera.

EH Bildu aurka, PSN alde

EH Bilduk iragarritako neurria Navarra Sumaren “euskarafobiaren” erakusgarria dela adierazi du, eta bertan behera uzteko eskatu du. Azpimarratu du “berriz ere” umeak euskaraz matrikulatu nahi dituzten familiek Iruñea iparraldeko auzoetara jo beharko luketela: “Berriz ere Txantreara edo Arrotxapera joan beharko lukete, hiria egunero gurutzatzeak dakartzan arriskuei eta gastuei aurre eginez”. EH Bilduren arabera, haur eskolen hizkuntza eskaintzaren oinarriak eskaria eta lurralde banaketa izan behar dute.  

Iruñeko PSNk Navarra Sumarekin bat egin du Twitter bidez: “NJANek haur eskolei buruz emandako epaia betearaztearekin bat gatoz. Navarra Sumak "Haur Eskolen Erakundean beharrezko azalpenak ematea" eskatzen dugu eta "etorkizuneko aldaketetarako adostasuna eta irauteko bokazioa" exijitzen dugu”.