argia.eus
INPRIMATU
Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu
  • Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko martxoaren 13a
'Homo affinis erectus' bezala sailkatu dute Pink izeneko hominidoaren matrailezur berreraikia. Atapuercan aurkitu dute. Nature

“Pink” izena du subjektuak, adinez nagusia da, eta duela 1,4 eta 1,1 milioi urte artean bizi izan zen, orduan sabana emankorra zen Burgosko Atapuercan. 2022an aztarnategi ezagun horretako Sima del Elefanten matrailezur eta aurpegien hezur zatiak aurkitu zituzten arkeologoek. Aurkikuntza horren berri eman dute orain, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketa paleoantropologikoaren emaitzak.

Pink Floyd musika taldetik omen datorkio izena hominidoari, zehazki  “The dark side of the moon” (Ilargiaren aurpegi ezkutua) albumetik. Ez da kasualitatea, gainera, indusketako zuzendaria Kataluniako Giza Paleoekologia Institututuko Rosa Huguet paleontologoa izatea, ingelesezko pink (arrosa) hitzari erreferentzia eginda.

Baina hominidoaren izen-apeliduak gutxienekoak dira, garrantzitsuagoa da asteazkenean bideo-konferentziaz Nature aldizkariaren webgunean mundu osoari iragarritakoa: gizakiak uste baino 300.000 urte lehenago migratu zuela Europara, Pleistozeno hasieran. Pantaila aurrean duzuen puzzle hori da froga, “Europa mendebaldean identifikatutako giza aurpegi zaharrena”, dio Nature-ko ikerketak.

Ezaugarriu primitibo eta "modernoak" zituen gizakiak. Nature

Bagenekien Homo erectus zutik jarri eta, Afrikatik duela bi milioi urte irten zenean, Asian barrena zabaldu zela. Baina ez genekien Europan zer demontretan aritu zen, haren aztarnarik ez baitzegoen inon, Georgian aurkituriko buru-hezur batzuk kenduta. Orain arte Europako mendebaldean aurkituriko aztarna zaharrenak duela 850.000 urteko Homo antecessor espeziearenak ziren, hauek ere Atapuercan aurkituak.

Orain, gizakiren eboluazioren gurpilari beste "populazio" bat gehitu diote Sima del Elefanteko hezur berriek. Ez dira atrebitu esaten beste espezie bat denik, eta Homo affinis erectus bezala sailkatu dute, Homo erectus bipedo zaharrarekin afinitate edo antzekotasun handia duelako, baina ez delako berdina. Nola dakiten hori? Gizaki primitiboenen gisan, Pinkek ez dauka sudurrik kanpoalderantz, baina badu berezi egiten duen ezaugarri moderno bat: matrailezur aldea afrikar jatorriko bere ahaideek baino estuagoa du. Egin dioten erretratuan antzematen zaio noski.

Hala ere, ez egin ilusiorik orain zuen book familiarraren lehen orrialde hutsa beteko duzuelakoan. Arkeologoen aburuz, Pink ez dago zuzenean erlazionaturik Homo Sapiens espeziearekin (hori gara gu), lehengusu txiki bat baino ez da, aspaldi desagertu zena.